Gehiengoa lortu du Bilduk, bederatzi hautetsirekin

Zarauzko Hitza 2011ko maiatzaren 23a

Bildu nagusitu da nabarmen Zarautzen, bederatzi zinegotzirekin. Gehiengoa eskuratu du, hala. «Haize berria» izango da, beraz, Zarauzko Udalean datorren legealdian. «Oso gustura» ageri da Juan Luis Illarramendi zerrendaburua, «pozik baina urduri». EAJk jarraitu dio atzetik. Sei hautetsi eskuratu ditu guztira, duela lau urte baino bat gehiago. Gainontzeko alderdiek jaitsiera izan dute, batzuk nabarmena, gainera. PSE-EEk hiru hautetsi lortu ditu, Aralar-EBk bi eta PPk, berriz, bat. Hamaikabatek ez du lortuordezkaririk. Nagusitasuna Iluntzeko lehenengo orduan hartu du itxura bozketak. Botoak gora eta botoak behera, 20:00etatik aurrera Bildu izan da zerrendan lehena. Azken orduko ezustekorik ez zen izan, beraz. 22:00ak baino lehenago egin dute kontaketa ofiziala. Guztira, 4.276 boto lortu ditu koalizioak, %37,82 hain zuzen. «Espero baino emaitza hobea lortu dugu, pozik nago oso», adierazi du Illarramendik. «Orain lanean hasteko garaia» dela gehitu du. Udal Gobernuaren inguruan, ordea, «ez du ezer pentsatu» oraindik. «Datozen egunetan elkartuko gara eta hitz egingo dugu, hasiko gara negoziatzen. Orain ezin da jakin nolakoa izango den datorren legealdiko Udal Gobernua», esan du. Bildu jokoan sartuta, zortzi urteren ostean, ezker abertzalearen ideiak ordezkatuta egongo dira hasi berri den legealdian. «Aspalditik isilik zeuden ahotsak aurrerantzean izango dute ordezkaritza», nabarmendu du Bilduko ordezkariak. Era berean, bozketen emaitzak herritarren «haserrea» nabarmen islatu [...]

Bildu nagusitu da nabarmen Zarautzen, bederatzi zinegotzirekin. Gehiengoa eskuratu du, hala. «Haize berria» izango da, beraz, Zarauzko Udalean datorren legealdian. «Oso gustura» ageri da Juan Luis Illarramendi zerrendaburua, «pozik baina urduri».
EAJk jarraitu dio atzetik. Sei hautetsi eskuratu ditu guztira, duela lau urte baino bat gehiago. Gainontzeko alderdiek jaitsiera izan dute, batzuk nabarmena, gainera. PSE-EEk hiru hautetsi lortu ditu, Aralar-EBk bi eta PPk, berriz, bat. Hamaikabatek ez du lortuordezkaririk.
Nagusitasuna
Iluntzeko lehenengo orduan hartu du itxura bozketak. Botoak gora eta botoak behera, 20:00etatik aurrera Bildu izan da zerrendan lehena. Azken orduko ezustekorik ez zen izan, beraz.
22:00ak baino lehenago egin dute kontaketa ofiziala. Guztira, 4.276 boto lortu ditu koalizioak, %37,82 hain zuzen. «Espero baino emaitza hobea lortu dugu, pozik nago oso», adierazi du Illarramendik. «Orain lanean hasteko garaia» dela gehitu du. Udal Gobernuaren inguruan, ordea, «ez du ezer pentsatu» oraindik. «Datozen egunetan elkartuko gara eta hitz egingo dugu, hasiko gara negoziatzen. Orain ezin da jakin nolakoa izango den datorren legealdiko Udal Gobernua», esan du.
Bildu jokoan sartuta, zortzi urteren ostean, ezker abertzalearen ideiak ordezkatuta egongo dira hasi berri den legealdian. «Aspalditik isilik zeuden ahotsak aurrerantzean izango dute ordezkaritza», nabarmendu du Bilduko ordezkariak. Era berean, bozketen emaitzak herritarren «haserrea» nabarmen islatu duela gaineratu du Illarramendik.
Ezustekoa jaso du EAJko alkategai Imanol Lasak. Hala ere  «gustura» dagoela nabarmendu du: «Aurreko hauteskundeetan baino 800 boto gehiago eskuratu ditu EAJk”. Bestalde, gaurtik aurrera «negoziatzeko prest» azaldu da, «Udal Gobernua osatzeko zein oposizirako».  «Emaitzak ikusita,  Zarautz herri abertzalea dela argi geratu da» esan du.
Onarpena eta jaitsiera
PSE-EEko alkategai Patxi Elola ez dago «pozik»: «Hala ere, kiroltasunarekin» hartu du berria: «Herritarrek hala nahi izan badute errespetatu egin behar dugu, batzuetan irabazi egiten da eta bestetan galdu. Halakoxea da joko demokratikoa». PSE-EEri dagokionez, «mantendu egin» dela dio: «Ezker abertzalea jokotik kanpo zegoela bost zinegotzi genituen aurreko legealdian; berez, lau. Orain hiru eskuratu ditugu, nik gehiago nahi banuen ere, uste dut nahikoa lortu dugula».
Hamaikabatek izan du aldaketa nabarmenena ; izan ere, bost zinegotzi izatetik ordezkaririk ez izatera pasatu da. Aralar-EB koalizioak eta PPk ere zinegotzi bana galdu dute; bi eta bat dituzte orain, hurrenez hurren. Aurreikusi bezala, aldaketak izan dira, beraz, Zarauzko bozetan.
Kontaketa Musika Plazan
Zarauzko Bilduk Musika Plazatik zuzenean egin du kontaketa eta Ustream bidez zabaldu dute sarera. Arratsaldetik gerturatu da jendea, ordea, Musika Plazara. Oihu artean, adi jarraitu dute kontaketa. «Irabazi dugu, irabazi dugu»» entzun zitekeen tartean tartean. Eskualdeko zein Gipuzkoako beste bailaratako herrietako datuak ere jakinarazi dituzte bozgoragailuetatik.

Emaitzak
Alderdia Boto kopurua Hautetsiak
Bildu                  4.276                           9
EAJ                    2.832                           6
PSE-EE              1.481                           3
Aralar-EB          1.040                          2
PP                          938                           1
H1!                         521                           0

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide