Azpeitiarren aldaketa gogoak Bilduri eman dio garaipena

Urola Kostako Hitza 2011ko maiatzaren 23a

Herritarrei hitz egiten uzten zaienean hitz egiten dute. Azpeitiarrek argi eta ozen esan dute aldaketa nahi zutela, eta gehiengo absolutua lortu du Bildu koalizioak. Udalbatza berrian 11 zinegotzi izango ditu Bilduk. Boto-emaileen %54,88ek eman diote babesa.  EAJk botoen %28,10 jaso ditu. Azken lau urteetan izan dituen zortzi ordezkarietatik hiru galdu ditu, beraz. Estraineko urtean aulki bat lortu du Hamaikabat taldeak, botoen %6,12ekin. Aralarrek bereganatu dituen 325 botoak ez dira nahikoak izan Udalbatzan ordezkaririk lortzeko. PSE-EEk 213 boto jaso ditu, eta PPk 185. Ez batak ez besteak ez dute ordezkaririk lortu. Parte hartzea %71,11koa izan da; 7.960 azpeitiarrek eman dute botoa. %27,89 abstenitu egin dira, 64 boto baliogabe izan dira, eta 138 boto zuri. Pozez zoratzen, eta «sinistu ezinda» zeuden bart Bilduko hautagaiak. Ekainaren 11tik aurrera Azpeitiko alkate berria izango da Eneko Etxeberria. Emaitzak jakin ostean adierazi zuen, «apaltasunez» hartu dituztela emaitzak. «Gure nahia ez da gure proiektua inposatzea. Elkarlana izango da gure lerro nagusia eta denontzako Azpeitia eredu berri bat bultzatuko dugu. Alderdi guztiekin saiatuko gara herritarren arazoak konpontzen. Parte-hartzea sustatuko dugu eta ateak irekita izango ditugu». Orkatz Kultur Elkartean eta Erdi-kale osoan irribarreak eta besarkadak izan ziren festaren osagai nagusiak. Garaipenaren gozotasuna ospatu zuten han bildutakoek. EAJko alkategaiak adierazi duenez, ez zituzten emaitza hauek espero, «argi dagoena da garai berri bat datorrela eta gauzak beste era batera antolatu beharko ditugula». EAJ «prest» agertu da Bildurekin lan egiteko eta «hark jartzen duen bidetik saiatuko gara ekarpenak egiten eta gauzak ahalik eta ondoen egiten. Emaitzak ez dira onak, ez da gozoa izaten, baina bihar atzera berriz eguna hasiko da eta lanean hasiko gara». Hamaikabatek Aitor Aranguren izango du ordezkari Udalean. Haren hitzetan, «guk ordezkaritza bat nahi genuen, Udalean sartzea, eta lortu dugu, eskerrak eman nahi dizkiegu konfiantza eman digutenei». Azken lau urtetan Aralarko ordezkari izan den Juan Karlos Arellanok emaitzak «digeritu» beharko dituztela dio. «Baina gere lana egiten jarraituko dugu, hemen ez da bukatzen dena» bere ustez.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide