Goizeko 09:00etan zabaldu dituzte hautestontziak eta pixkanaka-pixkanaka zestoarrak eskoletara gerturatzen doaz, pilaketarik ez dagoen arren, bada mugimendua Zestoako kaleetan eta bozkalekuetan. Arratsaldeko 20:00ak bitartean eman ahal izango dute botoa zestoarrek ere eta boto horiek erabakiko dute nor izango den herriko alkate berria.
Hamabost egunez alderdietako kartelez bete dituzte txokoak, programak irakurgai izan dira webguneetan, eta Udalerako hautagaiek agerraldiak egin dituzte egunero-egunero, nork hedabideen eta hautesleen arreta handiagoa lortuko. Kanpainaren ostean, heldu da egun handia. Udal eta foru hauteskundeak.
Goizeko bederatzietatik arratsaldeko zortziak arte izango dute herritarrek bozkatzeko aukera. Aldez aurretik jakinarazi diete bozkalekua zein duten, eta nortasun agiria aurkeztuta, gustuko koloreko papertxoa aukeratzea besterik ez zaie geratuko.
Zestoan sei izango dira alkatetzarako lehian: Leire Etxeberria (Bildu), Josetxo Mendizabal (EAJ), Juana Astigarraga (Hamaikabat), Haroa Rodriguez (Aralar), Guillermo Etxenike (PSE-EE) eta Evaristo Perez (PP).
