Zarauzko hondartza zaintzeaz arduratuko den Kataluniako enpresa, Sport Salvament, sorosleak aukeratzeko probak egiten ari da eguerditik.
50 bat lagun aurkeztu dira probetara. “Denak bertako gazteak dira, eta gustura gaude”, dio Silvio Salomonek, zuzendari komertzialak. Erresistentzia probak egin behar dituzte hautagaiek. “Oinarrizkoa: korrika eta igeri. Ondoren, elkarrizketa pertsonala egingo diegu”.
Aurkeztutakoen artetik 25 sorosle kontratatuko dituzte, eta hiru patroi, ontzietarako. Eta sorosle zerbitzuaren arduraduna Josu Sorreluz izango dela jakinarazi dute enpresako ordezkariek.
Kataluniako enpresak lehiaketa publiko bidez eskuratu du udan Zarauzko hondartza zaintzeko ardura. Atzean, utzi du, besteak beste, Gurutze Gorria.