Aralar-EB koalizioak gizartea eta eredu ekonomikoa aldatzea du helburu, “ez udala soilik”. “Kontziente gara lan hau ezin dela Udaletik bakarrik egin, kalean ere antolatu beharra dagoelako eta gizarte eragileekin elkarlana egin behar delako”, adierazi zuen Andoni Ibarguren zerrendaburuak atzo arratsaldean egindako agerraldian. Horregatik, “Udalean lan eta eragin gehiago izateko”, herritarrei bozka eskatu zieten: “Ezkerlanean elkarlanean arituko den Aralar-Ezker Batuari bozka emateko eskatu nahi dugu”.
Programarik “osatuena” egin dutela adierazi zuten koalizioko hautagaiek: “40 orri inguruko programa osatu dugu eta auzoetarako gehigarria. Kanpainan zehar ekitaldi dezente antolatu ditugu eta auzo guztietatik pasatu gara, zerrendako pertsonen inplikazioari esker izan da hori”.
Eztabaida sakonik ez
Era berean, kanpainan zehar hautagaien artean “eztabaida sakonik” ez dela egon adierazi zuen Aralar-EBko bigarren hautagai Mariana Aranburuk: “Egon den polemika bakarra Zarauzko Udalaren zorraren gaia izan da eta Bilduren esperientzia falta ikusi da hor. Gure iritziz, eskubitik edo neoliberalen aldetik etortzen dira zor publikoaren aurkako kritikak, administrazioaren papera gutxitu nahi dutelako eta zerbitzu publikoak murriztearen alde egoten direlako”.
Ildo horretatik, zorpetzea hiru inbertsioen “ondorio garbia” izan da: Udal kiroldegia, Eguneko Zentroa, merkatua eta Etxezabala. “Kostua hogei milioi euro ingurukoa izan da, horra udalaren zorraren azalpena”, gehitu zuen. Horretaz gain, “Foru Funtsaren jaitsierak egoera zaildu” duela eta horren konponbidea “beste eredu fiskal baten alde egitea” dela nabarmendu zuen Aranburuk, “aberatsek benetan ordain dezaten”.
“Eztabaida sakonik” izan ez denez, zenbait auzi ez zaizkie “garbi geratu”: zein den Bilduren eta EAJren jarrera Kortazarreko alokairu sozialaren inguruan, alderdi guztien jarrera A-8aren hirugarren errailaren inguruan, olatu artifizialaren inguruan edota zein proposamen dituzten TAOri buruz.
Bestalde, “positiboki” baloratu dute pasa den asteazkenean hautagaien artean izan zen eztabaida: “Horrelako gehiago egin beharko lirateke. Gure aldetik urtean behin egitea proposatzen dugu, herritarrek beren ordezkariak proposatu edo proposamenen berri izan ditzaten”.
Aralar-EB koalizioko alkategaiaren bideoa: