Bihar, maiatzaren 21ean, larunbata, Zaragueta Herri Eskolak antolatuta Bizikleta eguna izango da Orion.
Herrian zehar mugitzeko bizikletaren erabilpena sustatzeko eta familia giroan goiz pasa atsegina pasatzeko helburuekin, antolatu dute 5. urtez bizikleta eguna Zaraguetakoek. Parte hartu nahi dutenek goizeko 10:30etarako bizikleta eta guzti Zaraguetara joatea baino ez dute. Haur eta helduek har dezakete parte ekimenean, beti ere bederatzi urtetik beherakoek heldu baten ardurapean joaten badira. Bi ibilbide izango dira aukeran, bata motzagoa eta bestea luzeagoa bakoitzak nahi duena egin dezan. Bukaeran, San Juan ermitaren inguruan hamaiketakoa banatuko dute.
Ziklotur DV
Garai batean Gipuzkoako zikloturisten itzulia zena, egun Ziklotur DV bihurtu da eta herriz herri joango da irteera eta helmuga aldatzen urtetik urtera. Aurten Oriori tokatu zaio antolakuntzan parte hartzea eta, bihar goizean, 7:30ean irekiko dute izen-ematea oraindik inskribatu ez direnentzat; irteera 9:00etan izango da.
Bi ibilbide izango dituzte aukeran parte-hartzaileek eta helmugako kontrola 14:00etan itxiko dute. Ibilbide luzea gogor xamarra da aurtengoa, bukaeran Aginagatik Polipaso ingurura doan malda igo beharko dutelako txirrindulariek, handik Orioko Benta aldera jo eta Orion bertan bukatzeko.
Hori dela eta, Udaletik honako trafiko aldaketak izango direla jakinarazi dute:
• Sarrera Herriko Plazatik izango da.
• Moila erabat itxi egongo da ibilgailuentzat goizeko 07:00etatik 15:00etara. Oriotik irten nahi dutenek Txanka-hondartza bidea erabili beharko dute.
• Ziklotur DV proban aritu behar dutenei Txanka-hondartza bidetik sartu eta autopista azpiko aparkalekuak erabiltzea eskatu zaie.
Bizikleta zaleak ezingo dira kexatu, beraz, asteburu honetan.