Igande honetan, maiatzaren 22an, 10:30ean hasita bi partida jokatuko dira Orioko frontoian. Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak antolatzen duen 4 t'erdiko Udaberri Sariaren baitan jokatuko dira, eta hau izango da ligako azken jardunaldia.
Lehenbiziko norgehiagoka, Aimar Galarragak jokatuko du Hernaniko Ezeizaren aurka. Multzoko lehen postuan dago Aimar, 4tik 3 partida irabazita. Talde bakoitzetik 2 sailkatzen dira datorren faserako, baina Aimarrek ez du oraindik sailkatzerik lortu, lehen 4 postuak oso estu daude-eta.
Bigarren buruz-burukoan, Aritz Lertxundik jokatuko du Donostiako Antiguako Ortiz de Urbinaren aurka. Aritzek taldeko lehen postua ziurtatuta dauka igandean galduta ere.
Bestalde, larunbat arratsaldeko 15:30ean Irungo Artaleku trinketean, Euskadiko txapelketari hasiera emango diote Aritzek eta Aimarrek elkarrekin jokatuaz. Aste honetan Lekeitioko Akarregi elkartearen aurka jokatzea tokatu zaie, eta bertako pilotariak diren Gandiaga anaiak aurkari oso gogorrak dira. Gauzak horrela, zaila izango dute garaipena lortzea, baina ez dute ilusiorik falta.