Hautestontziak, berotzen hasita

Zestoako Hitza 2011ko maiatzaren 20a

Hasi da atzerako kontaketa. Egun handiaren bezperari, hausnarketa eguna deitu diote herritarren agintariek; lasaitasun pixka baten ondoren, etzi, 08:00etatik 20:00etara, bozkatzekoa izango da. Azken asteetan hainbestetan entzundako maiatzaren 22a hortxe dago. Bat baino gehiago oraindik ohartu ez den arren. Alderdi abaniko zabala dute herritarrek botoa nori eman erabakitzeko. Ezin uka. 2007ko azken udal eta foru hauteskundeetako ia guztiak daude. EAE-ANV ilegalizatua ez; ezker abertzalearen alderdi berria, Sortu, ere ez (hura ere ilegalizatua). Horien ordez, Bildu koalizioa aurkeztu dute EAk, Alternatibak eta independenteek. Ezker abertzalearen ahotsa udaletara eramango du. Eta kostata, hori ere. Maiatzaren 5eko gauerdira arte ez zen ziurra izan bere parte-hartzea, baina azkenean Espainiako Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzi zuen Auzitegi Nazionalaren epaia, eta PP izan ezik, gainerakoak gustura agertu ziren edo, behintzat, errespetua agertu zioten epaiari. Kontuak kontu, zortzi urtean lehenengo aldiz zarauztarrek eta getariarrek ezker abertzalearen ideiak bozkatzeko aukera izango dute. Udal horietako udalbatzarren irudia automatikoki aldatzea ekarriko du horrek. Kolore gehiago hartuko dute udalek. Beste arrazoi batzuengatik, baita Azkoitikoak eta Oriokoak ere. Aurrenekoan koalizioa osatu dute Baterak, Aralarrek eta Ezker Batua-Berdeak alderdiek: Azkoitia Bai. Bigarrenean, Udala herritarrengana gerturatzea nahi duen herritar talde batek herri plataforma osatu du. Orain alderdia, Orioko aukera independentea da. Beizaman eta Errezilen [...]

Hasi da atzerako kontaketa. Egun handiaren bezperari, hausnarketa eguna deitu diote herritarren agintariek; lasaitasun pixka baten ondoren, etzi, 08:00etatik 20:00etara, bozkatzekoa izango da. Azken asteetan hainbestetan entzundako maiatzaren 22a hortxe dago. Bat baino gehiago oraindik ohartu ez den arren.
Alderdi abaniko zabala dute herritarrek botoa nori eman erabakitzeko. Ezin uka. 2007ko azken udal eta foru hauteskundeetako ia guztiak daude. EAE-ANV ilegalizatua ez; ezker abertzalearen alderdi berria, Sortu, ere ez (hura ere ilegalizatua). Horien ordez, Bildu koalizioa aurkeztu dute EAk, Alternatibak eta independenteek. Ezker abertzalearen ahotsa udaletara eramango du. Eta kostata, hori ere. Maiatzaren 5eko gauerdira arte ez zen ziurra izan bere parte-hartzea, baina azkenean Espainiako Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzi zuen Auzitegi Nazionalaren epaia, eta PP izan ezik, gainerakoak gustura agertu ziren edo, behintzat, errespetua agertu zioten epaiari.
Kontuak kontu, zortzi urtean lehenengo aldiz zarauztarrek eta getariarrek ezker abertzalearen ideiak bozkatzeko aukera izango dute. Udal horietako udalbatzarren irudia automatikoki aldatzea ekarriko du horrek. Kolore gehiago hartuko dute udalek. Beste arrazoi batzuengatik, baita Azkoitikoak eta Oriokoak ere. Aurrenekoan koalizioa osatu dute Baterak, Aralarrek eta Ezker Batua-Berdeak alderdiek: Azkoitia Bai. Bigarrenean, Udala herritarrengana gerturatzea nahi duen herritar talde batek herri plataforma osatu du. Orain alderdia, Orioko aukera independentea da. Beizaman eta Errezilen ere aurkeztuko dituzte
gisa horretako plataformak. Azkenik, EAtik banandutako Hamaikabat alderdia ere aurrenekoz aurkeztuko da hauteskundeetara. EAJ, PSE-EE, Aralar, Ezker Batua eta PP dira gainerako
ohiko alderdiak, norbaiti oraindik gogorarazi behar bazaio
ere.
Baina nork ez ditu alderdien izenak ikasiko, bakoitzak bere irudi eta leloekin estali baditu herri eta hirietako hormak?… Irudi, argazki eta koloreak alde batera utzita, ordea, hor daude hauteskunde guztietako leloak ere. Batek Onena emateko garaia dela baldin badio, besteak Orain da, beste batek Ireki bidea ezkerrari, beste batek Zugan zentratua. Hala, zenbat alderdi, horrenbeste lelo. Eskualdera etorrita, era guztietakoak agertu dira: korapilatsuak (Izan zaitez ikusi nahi duzun aldaketa); zehatzak (Zuretzat lan egin nahi dut); hitz jokoak (Orio zurekin. Orio oriotarrekin eta Ezkerlanean, elkarlanean, esaterako); alderdiaren izena leloan txertatutakoak (Orain oriotarren garaia da, Orain duzu aukera); eta ekuazioekin ausartu direnak (Talde lana=Azkoitia bizia).
Lehen gutxi, orain gutxiago
Herri programak ere erruz banatu dituzte, eta antzekotasunak agerikoak dira gaien eta proposamenen artean. Garrantzia duten arloak zein diren nabarmentzerakoan, bat datoz gehienak. Krisiari aurre egitearen garrantzia nabarmentzen dute denek. Parte-hartzea ere denen aho eta esku-orrietan azaleratzen da, baita etxe hutsen gaia ere.
Berdintasunarena da beste bat. Gizonezkoen eta emakumezkoen arteko berdintasunaren bidean aurrerapausoak eman nahi dituzte denek. Baina alkategaiak mahai-inguruetan bildu dituzten ekimenetan agerian gelditu da nork aginduko dituzten udalak. Probabilitate kontua da. Orion sei alkategaietatik bost gizonezkoak dira; Zarautzen, seitik sei; Zumaian, seitik lau; Azpeitian, seitik sei. Xehetasun edo zertzealada bat baino ez da izango, baina zer pentsatua ematen diona bati baino gehiagori. Gaur bertan, berripaper honetan bertan, badator gai hau sakonago jorratzen duen artikulu bat (3.orrian, Edurne Epelde mugimendu feministako kideak sinatuta).
Gaur egun eskualdeak dituen bi alkate emakumezkoek, gainera, halabeharrez utzi behar izan dute hautagaitza beste batzuen esku. Aizarnazabalgo Aizpea Manterola eta Zestoako Alazne Olaizola alkateak dira. Ezker abertzalekoak izan diren zinegotziek ezin izan baitute aurkeztu oraingoan. Hala, Manterolaz eta Olaizolaz gain, beste hainbat politikarik ere ezin izan dute parte hartu maiatzaren 22ko hauteskundeetan. Zumaian datua ere eman zuten Baleike Kultur Elkarteak antolatutako mahai-inguruan. Herritar batek salatu zuenez, «Zumaian 180 eta Euskal Herrian 40.000» dira hauteskundeetako zerrendetan hautagai modura parte hartu ezin duten herritarrak.
Baina ez dira Manterola eta Olaizola maiatzaren 22tik aurrera alkatetza utziko duten bakarrak. Bestelako arrazoiengatik, hala egingo dute Azkoitiko alkate Asier Aranbarrik (EAJ), Azpeitiko Julian Eizmendik (EAJ) eta Zarauzko Jon Urienek (Hamaikabat) ere. Hemendik aurrera bizitza lasaiagoa izango dute, ziurrenez. Izan ere, meritua baitu herri bateko alkate izateak. Batzuentzat herritarrengandik urrunegi dagoen erakundea izan arren, errealitatean herritarrengandik gertuen dagoena delako. Kexa, protesta, kritika eta eskaera ororen jomuga. Orioko, Zumaiako eta Zarauzko alkategaiekin egindako mahai-inguruetan argi gelditu da hori. Herritarrei zabaldutako galderen tartean mikrofonoa sutan izan baita saio guztietan. Azkenean, moderatzaileak erabaki behar ekitaldia noiz eten. Bestela, oraindik egongo litzateke amaitu gabeko mahai-ingururik.
Astelehenean Hitza berezia
Orduak aurrera doaz eta botoa hautestontzian sartzeko unea gerturatzen ari da. Iristear da herrian lana ondoen nork egingo duen bozkatzeko momentua; edo nork bere bihotzean hiltzatuta daraman alderdiari maitasun eta obedientzia botoa berritzeko tenorea (Euskal Herrian traizio handiagorik ba ote, alderdiz aldatzea baino?…). Gipuzkoako Foru Aldundirako ere eskatuko da botoa igandean. Baina horiek ur handiagoak dira. Kontuak kontu, oraindik inor baldin bada bozkatu ala ez bozkatu zalantzan, betiko alderdia aldatu ala ez zalantzan, nahiz alderdi eta plataforma berriei buruz galdezka, klik batekin uxa ditzake zalantza horiek guztiak. Azken bi asteetan udal hausteskundeen inguruko albisteak, elkarrizketak, bideoak… bildu ditu Hitza-k herriz herri, webgune nagusian nahiz herrietakoetan. Alegia, urolakosta.hitza.eus webgunean sartuta Hauteskundeak atal berezian, nahiz beste herrietako informazioetara joateko bidea hartuta. Gaur eta bihar artean dudak uxatu, etzi bozkatu, edo ez, eta igande gaueko emaitza guztien berri emango du Hitza-k astelehenean. Hauteskundeei begirako zortzi orri izango dira, eskualdean herriz herri alderdi bakoitzak lortutakoaren berri emateko.
Horretaz gain, astearteko Hitza-n Eider Alkorta politologo azpeitiarrak lehen momentuko analisia egingo du begiak eskualdean jarrita. Botoen norabidea zein izan den, aldaketarik
egon den edo ez, eta emaitzen arrazoiak aztertuko ditu
Hitza-rentzat. On egin denoi, eta proposamen onenak irabaz dezala.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide