Ez da erraza hauteskunde iragarpenak egitea, are zailagoa orain arte izan ez dugun normalizazio politikoaren ingurumarian. Halere, Urola Kostako udal hauteskundeen emaitzen eboluzioaren gakoetako batzuei helduko diet maiatzaren 22ko gauean gerta daitekeenaren lehen zantzuak ikusi asmoz. Horretarako, aintzat hartu beharrekoak dira alderdiek azken urteetan eginiko apustu eta koalizio berriak, eta hauek emaitzetan izaniko eragina.
Alderdiei erreparatuz, ezker abertzale historikoa 1999an aurkeztu zen azken aldiz guraiz ebakirik gabe. 2003an zerrenda guztiak baliogabetu zituzten, eta 2007an Urola Kostako herri gehienetan aurkeztu ahal izan zuten EAEren siglapean, Zarautzen eta Getarian ezik. EAJ eta EA koalizioan aurkeztu ziren 1999an Azkoitia, Beizama, Zestoa eta Getarian. 2003an koalizio hau errepikatu zen herri gehienetan, Aian izan ezik. Emaitza onak izan zituen, batzuk Ibarretxe fenomenoa-ri egotzia eta, datuei jarraiki, bi alderdietako boto emaileez gain, berriak ere erakarri zituen. Honen haritik, ezin ahantzi 2007an, eta koalizioa apurtu ondorenean, EAk pairatutako beherakada. Aralarri helduz, 2003an Getarian bakarrik aurkeztu zen, eta 2007an Ezker Batuarekin aurkeztu zen, Getarian izan ezik. Eboluzioa aztertzerakoan abstentzio datuek ere izanen dute bere eragina azken emaitzetan, eta 2007koen ezaugarrietako bat abstentzio tasa altua izan zen. Kontuan hartu beharreko azken faktore lez, 2009ko hauteskunde autonomikoak ere aipatuko nituzke herritarrei hartutako azken hauteskunde pultso moduan.
2011ko hauteskundeetako berritasun nagusienetako bat ezker abertzalea, EA, Alternatiba eta zenbait independente bateratzen dituen Bildu koalizioaren sarrera izango da. Horretaz gain, Euskal Autonomia Erkidegoan agerikoa da EAren beherakada azken urteetan, eta orain gainera Hamaikabat ere lehian da. Hortaz, 2007an EAri bozka eman ziotenetatik zenbatek emango diote bozka Bilduri? Eta Hamaikabati? Eta EAJri? Datuei erreparatuz, 2007rako alde egin zirenetako batzuk Aralarren aldeko apustua egin zutela dirudi.
Herri txikiei helduz,sorpresarik ezean Aian EAJ da nagusi, eta Aizarnazabalen ezker abertzalea gailendu izan denez, Bilduk beharko luke lehen indar. Baina, Beizaman bezala, 2009ko autonomikoetan EAJ izan zen lehen indarra. Oraingoan, gainera, Aurrera Beizama Beizama Bairekin lehiatuko da. Errezilen ezker abertzaleko zerrenda eta herri plataforma aurkezten dira, oraingoan Bildu eta Errezil Herrin Alde siglapean eta sokatiran.
Herri handiagoetan eta oso modu orokorrean, kostaren eta barnealdearen arteko tendentzia ezberdin batzuk nabari daitezke. Azpeitian 1999an EAJ izan zen lehen indarra, 2003an EAJ-EA nagusitasunez gailendu zen, eta 2007an EAJk izan zituen boto gehien. EAk aldiz, koalizioa haustearen zati nagusia ordaindu zuen. 2011n, Bilduren eta EAJren arteko indar neurketa ikusiko dugu. Azkoitian EAJk indar gehiago badu ere, antzeko eskema errepikatzen da. 2011n, gainera, Batera eta Aralar bateratzen dituen herri plataforma aurkezten da, eta Azkoitia Bai bilaka daiteke udal berriko gobernabilitatearen giltza.
Kostako herriei begiratuz, Zumaian 2007ko hauteskundeetan EAJ nahikoa kaltetua izan zen, eta EAE eta EAren baturak gehiengoa lortu zuen. Babesak bere hortan jarraitzen badu, Bildu litzake garaile. Orioko lehiak gogorragoa dirudi. Getarian ere EAJk izan du gehiengoa, 2011n ere litekeena, nahiz eta hemen ere Aralar izan daitekeen gobernuaren giltzarri. Zarautz EAk indar gehien izan duen udalerria, da, eta horrela erakusten dute 1999an eta 2003an EAJrekin koalizioan aurkeztu zireneko emaitzek. 2007an koalizioa haustean, EAk 1999an zituen boto erdiak galdu zituen. EB-Aralar koalizioak, aldiz, botoak erraz bikoiztu zituen. Aldaketa ikaragarria 2007an Zarautzen emanikoa eta, seguruenik, herriko idiosinkrasia eta hautagai izan diren pertsonei hertsiki lotua. Emaitza hau errepikatuz, Bilduk izan beharko luke lehen indarra, baina 2009ko autonomikoetan EAJ izan zen nagusi.
Patuaren indarra edo kapritxoa, Hegoaldeko testuinguru politikoaren ildoak atzemango ditugu gure herrietan, baina udal hauteskundeetan hautagaiek protagonismo erabakiorra izan ahal dute. Udal hauteskundeetan ikusiriko tendentziak aldaketatxo bat izan zuen 2009ko autonomikoetan, EAJ eta Aralarren mesedetan, eta EA eta legez kanpo utzitako ezker abertzalearen kaltetan. Pultso honek bere horretan darrai? Edota Bilduren olatuak aldatuko du? Erantzuna, 22an.