Udal eta Foru Hauteskundeak gainean dira eta herriko taldeak kanpainako azken ekitaldiak egiten ari dira. Asteartean Orain plataformak bere programako punturik garrantzitsuenak aurkeztu zituen kultur etxean zerrendako hautagai Jaime Colado, Eneritz Odriozola, Mikel Arantzabal, Miriam Uranga eta Amaia Uranga mahaian zirela.
Azpiegiturei dagokienez diote besteak beste parke estalia edo kultur ekipamenduak beharrezkoak direla, baina herritarrekin ikusi behar dela zer behar den eta zein diren lehentasunak. Bestalde, mantenuari ere garrantzia eman behar zaiola. Hau da, eraikin berriak egitea ez dutela gaizki ikusten baina beti ere herriaren beharrak asez eta zaharrak ondo zainduz.
Herritarren arteko harremanak bultzatzea ere Orainen asmoen artean dago, besteak beste haur eta gazteenak. Plataformatik Udala herritarren zerbitzura jarri nahi dute eta horretarako behin eta berriz herritarren partaidetza azpimarratu dute. Beraz, oriotarren iritziak eta proposamenak jaso nahi dituzte.
Astearteko aurkezpen irekiaren ondoren, gaur, osteguna, 19:00etan beste bilera bat egingo dute herriko adinekoekin besteak beste zaharren egoitzaren gaiaz hitz egiteko. Udaletxean izango da batzarra.
Bilduren ekitaldi nagusia
Bestalde, Bilduk, asteazken iluntzean, maiatzaren 16an, egin zuen plazan kanpainako azken ekitaldia. Jon Agirresarobe Torrotxok gidatuta hitzak, kantua eta dantza uztartu zituzten. Ekitaldia hasteko Itziar Barrenetxeak, Ekiñe Saizarrek, Laida Iturraldek, Ainhoa Urkizuk eta Maialen Esoainek Bilduren irudi den hari matazaren bueltan dantza egin zuten Asier Sarasolaren tinbal soinuak lagun.
Ondoren, Iñaki Agirrezabalaga, Zumaiko Bilduko alkategaiak hartu zuen hitza. Ekitaldian hitz egin zuten baita ere Juanjo Agirrezabala EAko legebiltzarkideak eta Nika Lertxundi Getariako Bilduko zerrendaburu aiarrak. Orion izatekoak baziren ere, azken momentuan etorri ezin izan zirenez, Martin Garitano Gipuzkoako Batzar Nagusietarako Bilduren zerrendaburuaren eta Karlos Garaikoetxea lehendakariaren hitzak bideoan jaso eta plazan bildutako 300 inguru lagunek pantaila handian ikusi ahal izan zituzten biak.
Ibai Esoainen ipuina eta Xabier Sukia eta Iñaki Gurrutxagaren bertsoak ere entzun ahal izan ziren plazan.
Ekitaldiaren amaieran parte hartzaile guztiak, Orioko zerrendakideak eta Bilduren aldeko hainbat herritar igo ziren oholtzara eta baita Orioko Bilduko zerrendaburu Beñat Solaberrieta ere. Azken honek hartu zuen hitza eta besteak beste programako hainbat puntu azpimarratu eta koalizioarentzat botoa eskatu zien oriotarrei. Bukaeran guztiek batera Bildu Oriok hauteskunde kanpainarako propio prestatutako abestia kantatu zuten Iñaki Bastos, Joseba Gurrutxaga, –txalapartariak– Joseba Aparicio –tronboia–, Iñigo Perona –tronpeta–, Ibon Berasaluze, Maider Sukia –ahotsak– eta Asier Gozategiren –trikitixa– doinu eta kantuei segika.