Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Hautetsi independentistak, errespetua eskatu, Udal Gobernua, EAJ-PSE
Agintaldiko azken udalbatzarra egin dute gaur goizean, Azkoitiko udaletxean. Ohi bezala, hainbat aulki hutsik egon da. Hautetsi independentistek goizeko bilkuretara ez joatea erabaki zuten aspaldi eta udalbatzarren ordutegia aldatu ezean ez zutela parte hartuko adierazi zioten alkateari. “Tristuraz hartu dugu, beste behin ere, gaur Azkoitiko Udalean burutu den plenoko deialdia. Nahiz eta azken aktak onartu aurreko azken osoko bilkura izan, Asier Aranbarri alkateak agintaldi osoan erakutsi digun errespetu falta berberarekin, nortzuk joan eta nortzuk ez batere inporta gabe, goizeko 9etan deitu baitu gaurko plenoa”, adierazi dute ezker abertzaleko zinegotziek.
Datorren agintaldian “osatuko den gobernua osatzen dela”, agintaldi honetan EAJk eta PSEk osatu duten Udal Gobernuak erakutsi dietena baino “errespetu gehiago” erakutsiko dietelaren esperantza dute. “Hautetsiei errespetu hori ez izateak herritar askori errespeturik ez izatea adierazi nahi du”, esan dute.
Iritzia, prentsa bidez
Azkoitiarentzat legealdiko azken erabakiak onartu diren bilkurako iritzia beste behin ere prentsa ohar bidez kaleratzera “behartuak” sentitu dira hautetsi independentistak.
Hasteko, gaztelania hutsean funtzionatzera “kondenatzen” dituztela salatu dute. “Behin hori esanda, gaurko osoko bilkurako puntu ia guztiekin gure adostasuna agertu nahi dugu, 3. puntuan onartu den kreditu gehigarriaren bidez krediatuak aldatzeko 1 zenbakiko espedientearekin izan ezik”, jakinarazi dute prentsa ohar bidez. EAJ-PSEren aurreikuspena “oso eskasa” izan dela diote: “Lehenik eta behin ongi egindako aurrekontu batetetik 1.079.503 euroko soberakina izatea ezinezkoa deritzogulako, eta bestetik, kreditu aldaketaren bidez proposatu diren hainbat gasturen igoera, aurretik gaizki egindako kalkuluetan oinarritzen direlako”. Diru hori zertan berrerabili erabakitzeko batzorde bat bakarra egitea ere ez dute egoki ikusten, eta horregatik, nahiz eta planteatzen diren gehinkuntza gehienekin adostasuna izan, ezezko botoa emango luketela esan dute.
Amaitzeko, onartu berri den Berdintasun Planaren inguruan zera adierazi dute: “Bertan jasotzen diren neurriekin gure adostasun azaldu nahi dugu, baina ez dugu esan gabe utzi nahi, behin plana onartu eta gero, datozen arduradun politiko berrien esku geratuko dela plan horrek izango duen bilakaera. Plan horiek aurrera ateratzeko behar beharrezkoa izango delako behar diren baliabideak jarri eta hartu behareko neurriak hartzeko borondate politikoa izatea”.