Urola Kostako Hitzak antolatutako Zarauzko alkategaien mahai-inguruak 200 lagun inguru bildu zuen atzo Antoniano ikastetxeko areto nagusian. Eserleku guztiak bete ziren, eta hogeitamar lagun baino gehiagok zutik jarraitu zuen ekitaldia. Xabier Euzkitze aritu zen moderatzaile lanetan, eta zozketa bidez, ezkerretik eskuinera, hurrenkera honetan eseri zituzten hautagaiak: Patxi Elola, PSE-EE; Juan Luis Illarramendi, Bildu; Imanol Lasa, EAJ; Jon Mendizabal, H1!; Rafa Olaizola, PP; eta Andoni Ibarguren, Aralar-EB. Gizarte arloa, krisia, etxebizitza, euskara eta berdintasuna bezalako gaiak jarri zituen Euzkitzek mahai-gainean, eta alkategai bakoitzak minutu bat izan zuen bere postura herritarren aurrean aurkezteko. Ikuspuntu guztiak aurkeztu ondoren, elkarren artean eztabaidatzeko aukera izan zuten. Mahai-inguruarekin bukatzeako, hainbat herritarren kezkak eta galderak erantzuten saiatu ziren; besteak beste, Alde Zaharreko biziberritze plana, Salberdineko etxebizitzak, herritarren partaidetza eta Labi eta Xaporraren auzia. Ekitaldia Erlo telebistak grabatu zuen, eta gaur iluntzean eta bihar eguerdian emitituko dute. Hitzak ere mahai-inguruaren ikus-entzunezkoa zintzilikatuko du webgunean.













