‘Artzape’, 10 urtez herriari begira

Getariako Hitza 2011ko maiatzaren 19a

Hamar urteko ibilbidea du jada Artzape-k. Hamar urte egin ditu getariarrei begira, eta herriko berri eman die herritarrei eta kanpoan bizi diren getariarrei hilero. Zenbat istorio, gertakizun, zenbat bizitza eta aurpegi jaso ote ditu Artzapek bere orrialdeetan… Azken urteotako egoera ekonomiko gazi gozoak hazi egin du aldizkaria, heldu. Baina gazte dago oraindik, eta etorkizun luzea du aurretik, getariarrek nahi duten heinean behintzat. 2001eko maiatzean ikusi zuen lehenengo aldiz argia Artzape-k. Arrantzale eguna aitzakiatzat hartuta atera zuen lehenengo ale hura herri aldizkari bat kaleratzea amets zuen talde hark. «Akordatzen?» Edurne Aramendi, Ane Azkue, Ane Miren De la Hoz, Agustin Ezenarro, Itsaso Ezenarro, Jon Illarramendi, Kepa Iribar, Oinatze Silbeti, Josune Urresti, Agurtzane Uzin eta Josune Uzin ziren hasiera hartako lan taldea osatu zutenak. Kazetari, euskal filologo, maketatzaile… Soslai askotako jendea. Eskualdeko herriek bazuten jada euren herri aldizkaria: Txaparro Zarautzek, Baleike Zumaiak, Karkara Oriok eta Aiak, Uztarria Azpeitiak. Getaria falta zen pausoa emateko; herritarrei herriko berriak euskaraz gerturatzeko. Hutsetik hasi behar izan zuten. Aldizkariaren izena, egitura eta atalak erabaki; lan taldea osatu eta antolatu… Proiektuari oinarri sendoak eraiki beharra zegoen. Topagunearekin, Euskara Elkarteen Federazioarekin, jarri ziren harremanetan, eta egitasmoa aurkeztu zioten, orientazio bila. Inbertsioa eskatzen zuen proiektuak, eta udaletxean aurkeztu zuten jarraian. Udalak, [...]

Hamar urteko ibilbidea du jada Artzape-k. Hamar urte egin ditu getariarrei begira, eta herriko berri eman die herritarrei eta kanpoan bizi diren getariarrei hilero. Zenbat istorio, gertakizun, zenbat bizitza eta aurpegi jaso ote ditu Artzapek bere orrialdeetan… Azken urteotako egoera ekonomiko gazi gozoak hazi egin du aldizkaria, heldu. Baina gazte dago oraindik, eta etorkizun luzea du aurretik, getariarrek nahi duten heinean behintzat.
2001eko maiatzean ikusi zuen lehenengo aldiz argia Artzape-k. Arrantzale eguna aitzakiatzat hartuta atera zuen lehenengo ale hura herri aldizkari bat kaleratzea amets zuen talde hark.
«Akordatzen?»
Edurne Aramendi, Ane Azkue, Ane Miren De la Hoz, Agustin Ezenarro, Itsaso Ezenarro, Jon Illarramendi, Kepa Iribar, Oinatze Silbeti, Josune Urresti, Agurtzane Uzin eta Josune Uzin ziren hasiera hartako lan taldea osatu zutenak. Kazetari, euskal filologo, maketatzaile… Soslai askotako jendea.
Eskualdeko herriek bazuten jada euren herri aldizkaria: Txaparro Zarautzek, Baleike Zumaiak, Karkara Oriok eta Aiak, Uztarria Azpeitiak. Getaria falta zen pausoa emateko; herritarrei herriko berriak euskaraz gerturatzeko.
Hutsetik hasi behar izan zuten. Aldizkariaren izena, egitura eta atalak erabaki; lan taldea osatu eta antolatu… Proiektuari oinarri sendoak eraiki beharra zegoen. Topagunearekin, Euskara Elkarteen Federazioarekin, jarri ziren harremanetan, eta egitasmoa aurkeztu zioten, orientazio
bila. Inbertsioa eskatzen zuen proiektuak, eta udaletxean aurkeztu zuten jarraian. Udalak, ordea, ez zuen konbentzimendu osoz erantzun. «Kutsu kulturala izan zezan eskatzen ziguten», gogoratzen du Agustin Ezenarrok. «Beldurra zuten aldizkaria Udalari egurra emateko sortuko ote genuen». Gure Txeru Kultur Elkarteko estatutuen babesean sortu zuten azkenean aldizkaria. «Gai guztiak landu nahi genituen». Ez zioten tabuei tarterik egin nahi. «Jendeak euskaraz irakurtzea nahi genuen, eta herriari ahotsa eman nahi genion».
Artzape Getariako talaia da; herritarren topagunea eta herriko kontu eta gertaera guztien lekukoa. Hortik datorkio izena herri aldizkariari. Kepa Iribar kazetariaren hitzetan «ez dago izen egokiagorik herriko aldizkariarentzat; herriko jende ezberdina elkartzeko eta belaunaldiak lotzeko balio izan baitu Artzape-k».
Lehen aldian 700 aleko tirada izan zuen aldizkariak, eta etxe gehienetan banatu zuten dohainik. Herriko lau auzoetara iritsi zen. Hirugarren zenbakirako 900era igo zuten tirada, eta 1.150era iritsi ziren hurrengo hilabeteetan. «Aldizkaria herritarra eta denentzat izatea nahi genuen», nabarmendu du Ane Azkuek, egungo maketatzaileak. Borondatezko laguntza ematen zuten harpidedunak baziren arren, aldizkaria dohainik izan da bederatzi urtean. «Jende helduak euskaraz irakurtzeko zailtasunak bazituen ere, jendeak asko eskertu du herri aldizkaria hilero gutunontzian izatea», dio Kepa Iribarrek.
Gure Txeruko lokalean idatzi zituzten lehen aleak, «ordenagailu zahar» batekin. Gero Udalak kultur etxearen aldamenean beste lokal bat ahalbidetu zien kideei eta, hala, pixkanaka, lan baldintzak hobetzen joan ziren. «Gogoa genuen, proiektu aberatsa zen, eta aurrera begira lan garrantzitsua zen», gogoratzen du Ane Azkuek.
Bihilabetekaria lehenengo, hilabetekaria gero, hasiera-hasieratik euskara batuan idatzi dituzte eduki gehienak. Baina lehenengo zenbakietan «galdatu diot» atala getariarrez idatzi ohi zuten; herritarrei zuzendutako galdera bat zen eta erantzuna euskalkian, esanda bezalaxe, idazten zuten: «Txikiteua azken fiñian lagunartian ibiltzeko aitzakia bat baño ez da. Egunian zehar gertatu dian kontuak txeu hizpide beste zenbait kontuen artian». Artzape-ko lehenengo zenbakitik ateratako hitzak dira hauek. «Aldizkaria zein euskaratan idatzi eztabaida izan genuen hasieran. Ez genekien, hitz egiten dugun bezala idatzi ala ez», dakar gogora Agustin Ezenarrok.
«Zer berri?»
Hasieratik Artzape-ren egoera ekonomikoa ez da samurra izan. Udalaren, Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzak, harpidetzak eta publizitatea dira herri aldizkariaren diru-iturriak. Azken urteotan, ordea, Eusko Jaurlaritzaren eta Foru Aldundiaren laguntzak murriztu egin dira. 4.000 eta 2.300 euro inguru ematen diote Artzape-ri urtean, hurrenez hurren. Udalak, bere aldetik, urteotan mantendu egin du laguntza eta 5.000 euro inguru ematen dio.
Kultur arloko diru-laguntzek murrizketa esanguratsuak izan dituzte azken denboraldian, eta eskualdeko beste zenbait aldizkari eta komunikabide ere izan dira kaltetuak. Hau izan da, Txaparro Zarauzko aldizkariaren kasua; iaz desagertu zen, ez zelako ekonomikoki bideragarria. Artzape-k borrokan dirau.
Azken urteotan zozketak, bigarren eskuko azokak, txapelketak eta bestelako ekitaldiak antolatu dituzte aldizkariaren egoera ekonomikoa hobetzearren. Baina 2009ko irailean, banaketa masibotik selektibora salto egin behar izan zuten, gastuak murrizteko eta, batez ere, «jendea kontzientziatzeko». «Asko kosta zitzaigun erabaki hau hartzea, gure helburua herritar denek euskaraz irakurtzea baita; ez batzuk bakarrik», azaldu dio Hitza-ri Amaia Iribar koordinatzaileak. 1.150 aleko tirada izatetik 350era pasa ziren eta, geroztik, harpidedunek bakarrik jasotzen dute gutunontzian Artzape. «2009ko maiatzetik uztailera bitartean aldizkariak zituen arazo ekonomikoen berri eman genien herritarrei, eta harpidetza kanpaina egin genuen. Hasieran jende dezente gerturatu zen, baina gero tantaka harpidetzen ziren». Egun 260 harpidedun ditu herri aldizkariak; horietako 65 ez dira herrian bizi. Artzapek 400 harpidedunetik gora izan beharko lituzke ekonomikoki errentagarria izateko. Urtean 20 euroko kuota da herriko harpidedunentzat, eta 22 euro herritik kanpo bizi direnentzat. Aldizkaria 9 urtean izan da doan herritarrentzat, eta «egoera aldatuz gero, berriz dohainik izatea gustatuko litzaiguke», dio Iribarrek.
Zera dio Ane Azkuek: «Borondate handia behar da herri aldizkarian aurrera egiteko. Lotura handia da; izan ere, inplikazio handia eskatzen du, militantzia puntu hori ondo dago, garai batean indartsu hartzen bazaitu, baina hori galtzen joaten da, konpromiso handia behar da; gainera egoera ekonomikoak ez du laguntzen».
Gaur egun, Ane Azkue maketatzailea eta Amaia Iribar dira Artzape-ko langile bakarrak; baina lantaldea zabalagoa da. «Harpidedunak, publizitatea jartzen dutenak, kolaboratzaileak eta lantaldea dira aldizkaria aurrera ateratzen dutenak; horiek gabe, Artzape-k ez du funtzionatzen». Amaiak uztailean utziko du lanpostua, bost urteren ondoren: «Esperientzia itzela izan da. Pertsona bezala asko lagundu dit Artzape-k, jendea ezagutzeko, herritarrekin tratuan egoteko eta euskara hobetzeko. Baina politikan bezala, hemen ere aldatu egin behar da, eta aire berriei bidea egin behar zaie».
«Historiaren katebegiak»
2004ko otsailean, Urola Kostako Hitza sortu zenean, Artzape-k bere izaera zalantzan jarri zuen, eskualdeko zenbait aldizkariren antzera. «Jarraitu ala ez pentsatzen jardun genuen» gogoratzen du Kepa Iribarrek, baina berehala erabaki zen bi euskarriak osagarriak zirela: «Ez diote bata besteari itzalik egin. Batek ez du bestea kentzen; egia da, biek arazo ekonomikoak zituzten, eta agian arazoak gehitzea zen, baina azkenean behintzat biak atera dira aurrera». «Hitza-k egunerokoa azaltzen du, eta aldizkariak, berriz, gai garrantzitsuak eta denboraz kanpoko gaiak sakonago lantzeko aukera ematen du», azaldu du Ezenarrok.
Eskualdeko herri aldizkari gehienek Internetera egin dute salto azken urteotan, aldizkariaren edizio digitala zintzilikatu eta eguneraketak sarriago egiteko. Baina Artzape-k ez du oraindik aukerarik izan, batez ere, baliabide faltagatik. «Ezin zen, beste pertsona bat hartu behar baitzen. Blogari gisa hasi ginen Hitza-n, egunero berriak zintzilikatzen genituen, baina denbora gehiegi kentzen zidan eta ez nintzen iristen», azaldu du Amaia Iribarrek.
«Getariarren topagunea»
Herriaren eta lau auzoen arteko lotura izan da Artzape. Azkizu, Eitzaga, Meaga eta San Prudentzio herriarekin uztartzea ahalbidetu du, txoko guztietara iritsi izan baita, banaketa masiboarekin, batez ere. «Bat egitea hain zaila den garai honetan, herriak bat egitea lortu da aldizkariarekin, herritarron topagunea izan da» baieztatu du Ezenarrok; «Kuxkuxean ibiltzeko era bat ere bada, argazkiek, batez ere, interes handia pizten dutelako».
Hainbat funtzio bete du aldizkariak herrian. Kepa Iribarren hitzetan, «jende helduak euskaraz irakurtzeko, herriko kontuen inguruan eguneratuta egoteko, herriko taldeak leku berean elkartu eta bakoitzak bere txokoa edukitzeko eta, batez ere, belaunaldiak elkartzeko balio izan du Artzape-k». Jende askok egin dio ekarpena Artzape-ri. Hamar urtean kolaboratzaile askok bete dituzte Artzape-ko orriak. «Jende aldaketak ekartzen du aldizkariaren garapena; jende berriak ideia berriak ekartzen ditu. Ez hobeak, eta ez txarragoak; ezberdinak», dio Kepa Iribarrek. Zazpi urtez kolaboratu zuen Artzape-n Kepak; kirolen atalean lehenbizi, eta Elan-Euskadi gobernuz kanpoko erakundearen atalean, gero. «Orain arteko joera hori izan da, eta aurrerantzean ere gazteek eman behar diote honi jarraipena; Artzape-k bide luzea du egiteko».
Egitura aldetik aldizkariak garapena izan du, eta Getaria aldatu den heinean, Artzape egokitzen joan da. Argia ikusi zuenetik bost urtera itxura eta formatua aldatu zioten. «Aldizkaria koloretan egitea ere gustatuko litzaiguke, baina ezinezkoa da duen kostu altuagatik», argitu du Amaia Iribarrek.
Gai sozialak, kulturalak, politika, kirola, iritziak… Aniztasuna izan da beti Artzape-ren ezaugarri nagusia. «Getaria herri txikia da, baina, gai faltarik ez dago; aldizkaria bizirik dago». Konplexurik gabe landu dituzte gaiak urte hauetan guztietan, eta «herriaren izaera kritikoa» lantzen lagundu du Artzape-k, kolaboratzaileen hitzetan. «Politikaz naturaltasun handiagoarekin hitz egiten da gaur egun, duela hamar urte baino». «Uniformetasunean erortzeko arriskua izaten da herri aldizkarietan, gaiak era planoan eta politikoki modu zuzenean lantzeko arriskua». Horregatik, «ikerketa lana egin eta polemika sortzen duten gaiekin arriskatu» behar dela dio Ezenarrok.
«Bi hitzetan»
Artzape herriaren ahotsa izan da, inolako mugarik gabe. Kultur eragile garrantzitsua da Getarian; egin duen ibilbideak hala erakutsi du. Herriko gertakari esanguratsuei eta pertsonaia bereizgarriei historia egiten lagundu die, eta euskararen herriko plaza nagusia izaten jarraitzen du. Ez ote da ahots hori hala nola isilduko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide