Iraetan lasaitasuna da nagusi. Pilotalekutik aurrerantz jo, eta gizon bakarra dago, etxe atarian lasai jarrita. Gure Ordeka elkartearen ondotik zuzen segi, eta bidea txartu egiten da. Metro batzuetara, enpresa handia dago ezkerretara, baina gainontzean, naturaren arnasa sakon har daiteke. Belardiak, zuhaitzak, urrutirago mendiak.... Eta bidearen bazter batera, ardiak. Ardi bat, bi ardi, hiru ardi, lau ardi... Ia bostehun ardi. Errepidearen beste aldean txabola bat dago, zementuzkoa. Ez da inoren arrastorik. Ostiral eguerdia da, eta eguzkiak gogor jotzen du.
Hautsa harrotzen hasi da Iraeta aldean. Berdindu gabeko errepidean bada mugimendua. Ardiak berean jarraitzen dute, zuhaizpean, itzalpean, belarra jaten. Baina errepidean bada zerbait. Autoak datoz. Bat, bi, hiru eta lau. Haietako batetik jaitsi da Inazio Armendariz. Artzaina da, eta artzain jantzita dator. Beste autoetatik dozena erdi lagun baino gehiago jaitsi dira. Ardien belardiaren zaintzaile lanetan lasai dagoen zaldiak egin die ongi-etorria.
Prest dira denak bideari ekiteko. Iraetan hasi eta Aralarko larreetarainokoa. Artzaina buru, artaldea atzetik, eta artzainaren senide, lagunak eta kazetaria laguntzaile. Denek ez dute, ordea, bidea oinez egingo, mendiz mendi, zelaiz zelai. Ez doazenak agurtu, eta bideari hasiera eman dio Armendarizek. Alboan dauka Migel Balerdi, koinatua, zaldiaren ardurak hartuta. Makila eskuan du artzainak, eta abiatu orduko, jarraitzen hasi zaio artalde osoa.
Iraetako elkartera iritsi aurretik, ezkerretara bira hartu, eta futbol zelaiaren albotik, Aizarnazabal aldera doan errepidean dira denak. Metro batzuetan aldapa behera egin, eta Aizarnarako bidegurutzean ezkerretara hartu dugu. Aldapa gora hastera doa. Artaldearen erdialdean doa Martin Otaegi, beste koinatua, makila esku batean eta Txiki txakurraren soka bestean. Artaldearen atzean goaz gainerakoak: Anttoni —Migel Balerdiren emaztea—, Begoña —laguna–—, Cenia Cruz Sol —artzainaren semearen andregaia—, eta kazetaria.
«Bizi doaz gaur», bota du Begoñak. «Geldituko dira», ondoren. Eguneko bidearen hasiera besterik ez da, eta aurreko esperientzietan oinarrituta, badaki ez direla hain azkar joango bide osoan. Bidanira doaz gaur, «Santutxura, zehatzago esateko», gehitu du Begoñak. Aralarrera heldu arteko bidea nolakoa izango den azaldu du gero: «Bihar Zaldibira helduko gara, eta igandean, Aralarrera». Bide osoa egingo du berak. Anttonik ez, Anttonik gaurkoa eta igandekoa, larunbatean ez da egongo.
Aizarna bidean doa artaldea. Egun batez bada ere, naturak agintzen dio teknologiari, eta autoak bide bazterrean gelditu beharrean dira. Artaldea agintari. Eta artzaina ertzain, berak agintzen baitie autoei noiz jo behar duten gorantz, noiz pasatu behar duten artaldea. Goitik beherantz datozenek artaldea igaro zain besterik ez baitute egon behar. Pilatu dira lauzpabost auto ilaran, behetik gora. Artzaina berean doa. Makila eskuan eta purua ahoan, pausoa pausoari lotuz. Alboan, hasieran bezala, Balerdi eta zaldia. Atzerago Martin eta Txiki. Eta atze-atzean gainontzekoak.
Autoak atzean dituztela egin dute metro dezente. Halako batean, eman die pasoa artzainak. «Aio», esaten dute gidariek, pazientzia lagun. «Hauek ez dira artzainak», atera zaio beste gidari bati, guregan begiak jarrita. Artaldea errepidearen erdia libre lagata doa. Beste erditik autoak doaz gorantz. Ardiak ez dituzte izutu autoek. Lau gurpileko tramankulu guztiak igaro dira artaldearen albotik, eta berriro ere formazioan da artzainaren taldea.
Baina bide bazterretan belarra dago, eta ardi gutxi batzuk gelditu egin dira jatera. Atzealdean doazenak dira horiek: «Beti jaten ari dira», bota du Anttonik. Bide luzea gelditzen zaie, urruti da Aralar oraindik, eta jatea mesede. Artaldearen erdiko zenbait ardi atera egin dira formaziotik, eta han joan da Txiki txakurra, zaunka betean, ardiak bere lekuan jartzera. Martinek agindutakoa zintzo bete du. Ardiek ez dute duda handirik egin: Txakurrak agintzen du.
Artzainak dena kontrolpean
Han aurrean doa Armendariz. Bada denbora pixka bat purua bota duenetik. Bizkarra ematen dio artaldeari, eta gutxitan bueltatzen du burua. Ez dauka beharrik. Dena kontrolpean dauka, atzerantz begiratu gabe ere. Badaki artaldea azkar edo poliki doan. Badaki noiz okertzen den zerbait. Horren berri eman du burua guregana bueltatu duen batean. Hitzak erabili gabe, eskuak mugituz, makalago joateko agindu digu guri. Begoñak eta Anttonik azaldu dute zer adierazi nahi izan zuen artzainak: «Guri ari zaigu eskatzen ez itsasteko artaldera, bizkortu egiten direlako atzekoak, eta artaldea bildu egiten delako, laburtu. Luzeago joatea nahi du». Begoñak onartu du agindua, baina ez da konforme: «Ardiak eurak dira eta azkar doazenak!». Beste behin ere egin du keinu bera artzainak, metro batzuk gorago.
Martxa mantsotu beharko orduan. Giro ederra dago ibiltzeko. Arbolapean doa Aizarnarako bidearen zati bat, eta gozo joateko aukera dago. Hizketarako egokia. Hiru emakumeak eta kazetaria kontu kontari dira. Artzainaren bizimodua da hizketarako gaia: Aralarko egonaldia, han zer egiten duen, noiz arte egongo den bertan, bakar-bakarrik egoten ote den, familiakoak eta lagunak bisitan joaten zaizkion, eta halakoak. Anttonik kontatu du urria amaiera arte egongo dela larretan, bost hilabete. Eta urteko gainerako zazpi hilak Arroa Goiko baserrian egiten dituela. Beti ere artaldearekin. Begoñak azaldu du bakarrik egoten dela Armendariz mendian, baina ez hain bakarrik ere. Izan ere, bisitak izaten dituela dio, eta asko estimatzen dituela, gustatzen zaiola konpainia. Bost hilabete hauetako zeregin handiena gazta egitea dela gaineratu du gero. Zaldian jaisten dutela gazta Beasaina, hor zehar saltzeko, eta zaldia baliatzen dutela artzainari jatekoa eramateko. Anttonik gehitu du astero egiten duela gora eta beherakoa zaldiak, eta goranzkoan, jatekoaz gain, ezinbestekoak diren beste hainbat gauza igotzen dituela: Butano bonbonak, egurra, ardientzako pentsua eta abar.
Begien pare-parean dauzkate ardiak berriro ere. Inoiz ez dituzte bistatik galdu, baina berriz ere gainean dira. Edo dituzte, artzainak uste duen bezala. «Begira nola ibiltzen den hau!», bota du Anttonik, «plantillak beharko lituzke pertsona balitz». Arin doazela gaineratu du, pisua hizpide hartuta: «Baina bueltakoan ume egiteko etortzen dira asko, eta polikiago etortzen da artaldea». Ardi emeak dira Aralar aldera doazen ia denak: «Ardi arrak han botako dituzte larreetara, baina hara heldu bitarteko tartean
ez dituzte nahasten». Aralarren nahastuko dira emeak eta
arrak, eta neguan jaioko dira arkumeak, Aralartik buelta egin eta gero.
Hondurasko baserritarra
Anttonirekin eta Begoñarekin doa Sol, baina beste biak baino isilagoa da. Ez die begirik kentzen ardiei. Bideo kamera dauka eskuan, eta dena grabatzen ari da. Atseden pixkat bat eman dionean kamerari, kontatzen hasi da nongoa den: «Honduraskoa naiz, eta artzainaren semearen andregaia naiz. Laguntzera nator bidean». Grabatu beharraren grabatu beharraz, ematen du arrotz zaiola hau guztia, baina ez da horrela: «Gure aitak baserria zeukan, eta zaldiak nahiz behiak edukitzen zituen. Ume-umetatik ditut ezagunak animaliak, eta asko gustatzen zait». Leku egokian dela ezin ukatu.
Badoaz bidean aurrera, eta hasierako pare bat kilometro kendu dizkiogu Aralarrerako pusketari. Behin bidean sartuta, dakitena egitea besterik ez zaie gelditzen artzainari eta laguntzaileei. Eta nola ez, ibiltzea eta ibiltzea. Kilometroak eta kilometroak. Pausoz pauso lotuko dituzte Iraeta eta Aralar. Han egongo da dagoeneko artzaina, beste artzain batzuk gertu dauzkala. Bere artaldea lagun. Eta ezin ahaztu Txiki txakurra. Eta bisitan joango zaizkion familiako kideak. Lanbide bakartia da artzainarena, baina beti du inguruan norbait. Eta asko estimatzen dute hori. Urruti dago eta urria amaiera.
"Besterik ezean, gustatu egin behar da bakardadea"
Aizarna aldera heldu aurretik erantzun ditu galderak Inazio Armendariz artzainak (Zaldibi, 1959). Ardiek ere zer esatekorik badutela ematen du, eta zintzarri hotsa tartekatzen da bere hitzen artean. Hitz gutxikoa da Armendariz, bakarrik egotearen ondorio-edo, baina zerbait kontatu du zaldibiarrak.
Gogoarekin al zoaz?
Bai, bai, gogo handiarekin noa Aralar aldera.
Gustukoa duzu, hortaz, han goian egotea.
Garaian garaikoa egin beharra dago hemen. Orain gora, eta gero behera.
Zer nahiago duzu, Aralar aldean ibili ala hemen behean?
Tokatzen dena.
Zer lan dauzkazu han goian egiteko?
Gazta egin, eta beste hainbat gauza. Han ere lana dago. Beharko egin!
Artzainak ezin duela lanik gabe egon...
Zaila.
Noiz arte egongo zara Aralarren?
Urriaren 20ra arte edo.
Zeu bakarrik egongo al zara ala beste artalde batzuk ere inguruan izaten dituzu?
Bakarrik ez. Artalde gehiago ere izaten dira.
Beste artzainekin harremanik izaten?
Bai, bai.
Zenbat urte daramazu artzain?
28 edo, betitik. Familiatik datorren ofizioa da.
Kaletarrek esaten dute ederra izan behar duela artzain izan eta udan mendian egotea. Ez zara ados egongo, ezta?
Esatea erraza da! Probatu dezatela artzai izatea zer den !
Nolakoa da egun bat hor goian?
Gazta egiten dut goizean eta iluntzean. Eta ardiak bildu ere bai gauez; egunez, libre antzean ibiltzen dira-eta.
Hortaz, gauez lo egiteko aukera daukazu.
Gauez lo egiten dugu, bai, hemen behean ez bezala. Hemen, arkumeak jaiotzen direnez, gauean tokatzen bada, esnatu beharra izaten dut. Baina goian ez da arkumerik jaiotzen, eta gauez lo egiten dut. Bestelakoan, egunarekin ibiltzen gara han goian, egunarekin batera jaiki, eta eguna amaitzean oheratu. Garai honetan, ondo berandu oheratzen gara!
Ardiak libre daudenean zer egiten duzu zuk?
Haiek badakite non ibiltzen
diren, eta beste gauza batzuk
egiteko baliatzen dut denbora. Baita siesta egiteko ere batzuetan!
Aralar alderako bidea gustura egiten al duzu?
Lehen bezala segitzen du honek. Hasi nintzenean bezala dago, ez dute ez luzatu, ezta moztu ere [barrezka].
Bakardadea gustuko al duzu?
Gustatu egin behar bakarrik
egitea, besterik ez dagoen bitartean.
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide