Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Orioko Udaleko pleno aretoa txiki geratu zen herenegun, amaitzear den legealdiko azken bilkuran. Udalbatzak Orioko Udalak eta herriko lau ikastetxeen arteko elkarlan-hitzarmena sinatzeko baimena eman zion Jon Redondo alkateari. Horren ondorioz, Udalak Maria Maestra Haurreskolarekin, Zaragueta Herri Eskolarekin, San Nikolas haurtzaindegiarekin eta Orioko Herri Ikastolarekin datozen bost urtetarako hitzarmen ekonomikoa izango du, bost urterako.
Jon Redondo Orioko alkatearen esanetan, ikastetxeak ekonomikoki eusten lagunduko du itunak, eta haien «egonkortasuna» bermatu.
Ikastetxeek diru-kopuru jakin bat jasoko dute urtean, eta alkatearen esanetan, haur kopuruen araberakoa izango da. Hala, Herri Ikastolak 127.000 euro jasoko du; Maria Maestra Haurreskolak 6.000 euro izango ditu; Zaragueta Herri Eskolak 30.000 euro jasoko du, eta San Nikolas Haurtzaindegira, berriz, 5.000 euro bideratuko dute.
Herri Ikastolak jasoko du diru gehien, baina Redondok adierazi duenez, hitzarmenak guztien egoera «hobetuko» du, eta guzti-guztiei emango die «segurtasuna», ikastetxe publikoa nahiz pribatua izan.
Herri Ikastolak «oso gustura» jaso du hitzarmena. Prozesu baten amaiera dela jakinarazi du Iñaki Beraza Ikastolako zuzendariak. Era berean, 2008ra arteko ituna desberdina zela dio, ordukoa Ikastolaren mantenuari zegokiolako, eta oraingo diru-laguntza hezkuntzako gastuetara bideratuko dutelako. Berazaren esanetan, «pozik» daude, «elkartasunera iritsi» direlako. Beren proiektua aurrera eraman ahal izateko «laguntza» beharrezkoa zaiela berretsi du.
Ezker abertzalearen, EAren eta EAJren aldeko botoekin onartu zuten ikastetxeekin hitzarmena sinatzea; Aralar, Ezker Batua eta PSE alderdiak abstenitu egin ziren. Ezker abertzalea eta EA alde agertu baziren ere, Ikastolaren hitzarmenaren inguruan «EAJren eta Jon Redondoren jarrera negargarria» nabarmendu zuten. Era berean, zalantzan jarri zuten «oraingo jarrera»: «Orain, bat batean, udal prozedura guztia kontuan izan gabe, duela gutxira arte hain ona zen araudia apurtu eta beste berri batekin zatoz plenora».
Iñaki Iturain Aralarko zinegotziak, bere aldetik, adierazi du ikastetxeetako hitzarmenari dagokionean ez direla «gauzak behar bezala» egin. Iturainek salatu du Udalak «hezkuntza zentro bakar batekin eztabaidatu» duela. Horrez gain, hauteskundeetarako bost egun falta direnean —heneregun iluntzean onartu zen—onartu izana «forma aldetik desegokia» dela uste du zinegotziak.
Zaborraren mozioa, onartuta
Ikastetxeetako hitzarmenaz gain, hondakinen kudeaketaren inguruko mozioa onartu du Udalbatzak. Mozioaren bidez Usurbilgo Itunarekin bat egin du Udalak. Testuaren arabera, «Gipuzkoan %80tik gorako bilketa selektiboa» lortzen duen sistema badago, eta horiek «hondakinen arazoari irtenbidea» ematen diote. Hori hala, «osasuna eta ingurumena» kalte lezakeen edozein tratamendu baztertu dute. Hori hala, errauste planta alboratu dute; Zubietan egitekoa duten errauste plantari hiru urteko moratorioa ezartzea eskatu dio Gipuzkoako Foru Aldundiari, erraustegiak Oriori «hamarkadatan eragingo dion menpekotasun ekonomikoa larria» izango delakoan.
Aralar, Ezker Batua, ezker abertzalea eta EAren aldeko botoekin onartu zuten mozioa; PSOE eta EAJ alderdiek kontra bozkatu zuten. Redondok adierazi zuen «zabortegiak amaierara» iritsi direla. Horien ordez, «birziklatu ezin daitekeena erraustu» egin beharko dela adierazi zuen. Leire Zinkunegi ezker abertzaleko zinegotziak, berriz, erantzun zion egungo sistemaren bidez Orion %20 ere ez dela birziklatzen, eta atez atekoaren «eraginkortasuna» nabarmendu zuen.