Zarauzko Zero Zabor taldeak Uztaro kooperatibaren laguntzarekin Jasangarritasun Azoka antolatu du larunbaterako, hilak 21. Zaro Zabor filosofiara gerturatzeko asmoz, pentsamendu horrekin bat egiten duten hainbat txoko eta ekintza prestatuko dituzte Lege Zaharren enparantzan, 11:00etatik 13:00etara bitartean.
Bertaratzen direnek, besteak beste, hondakinen gestioa landu ahal izango dsute Konposta eta Erosketa eta Zaborrak aztertzeko guneetan. Halaber, Adituen txokoa ere izango dute. Ainhoa Iraola Zero Zabor taldeko kideak adierazi duenez, bertan atez ateko bilketan eta erraustegian adituak diren pertsonek herritarren zalantzak argituko dituzte.
Horrez gain, Doako txokoa ere prestatuko dute antolatzaileek, eta herritarrek eremu horretan “behar ez dituzten gauzak behar dituztenen truke jasotzeko aukera izango dute”.
Uztaro kooperatibak azoka antolatzen lagundu du, eta horiek ere izango dute euren txokoa, “autogestioan eta agroekologian” oinarritutako eredua plazaratuko baitute. Halaber, haurrek ere izango dute zer ikasirik azokan, kontsumo eredu jasangarrian oinarritutako jolas eta tailerrak egingo baitituzte.
Estreineko aldiz egingo dute azoka Zarautzen, baina Zarauzko Zero Zabor taldeko kideek adierazi dutenez, hurrengo urteetan ere antolatzen jarraitzeko asmoa dute.