“Herritarren beharrei erantzuteko programa errealista eta errealitate bihur daitekeena” proposatu du Hamaikabatek. Horretarako, bost ardatz estrategiko landuko dituela esan du Jon Mendizabal zerrendaburuak: gobernatzeko era, herri bizia, enplegua eta enpresa, ongizatea eta etxebizitza, azpiegitura eta ingurumena.
Gobernatzeko erari dagokionez, aurreko legealdian “bizikidetzaren eta elkarrizketaren aldeko apustua egin” dutela dio H1!eko alkategaiak: “Emaitza onekin, gainera”. Datorren legealdian, berriz, partaidetzaren eta gardentasunaren aldeko ekimenak egin behar direla nabarmendu du. Horren harira, hainbat ekimen proposatu ditu: udal informazio guztia herritarren eskuragarri jartzea OpenData aplikazioaren bitartez, udal tramiteak internet bidez bideratzea, talde ezberdinekin harremanak sendotzea eta Udalari sare sozialetan tokia egitea, herritarrengana hurbiltzearren.
Era berean, kultura, kirola, hezkuntza, giza eskubideak, gazteria eta euskara sustatzeko konpromisoa hartu du alderdiak. “Herrian hamaika kultur talde eta beste hainbeste musika talde ditugu. Horiekin harremanak sustatuko ditugu”, dio Mendizabalek. Bestalde, gazteen eta adineko pertsonen partaidetza sustatu nahi du H1!-ek. Zarautzek kultur ekipamendu baten falta duela dio, halaber. Ildo horretatik, Modelo Zinema erosi eta zaharberritzeko asmoa azaldu du, eta kultur ekitaldien egitarau zabala prestatzekoa. Gainera, musika taldeek entsegatzeko lokal gehiago egingo dituztela adierazi du.
Euskararen kasuan, euskal taldeekin “elkarlana bultzatuko” dute, “harremanak sendotzearren”. Salberdin, Kortazar eta Aldapetan 915 etxebizitza babestu eraikiko dituztela eta pertsona adindunentzat kirol parkea egingo dutela adierazi du Mendizabalek, baita sahiesbidea egiteko tramiteak bultzatu ere.
Ingurumenari dagokionez, gaikako bilketaren eta bosgarren edukiontziaren aldeko apustua egin du Hamaikabatek: “Urtetako zabortegiaren itxiera errealitate bihurtzea nahi dugu”.
