Europako Batasuneko Auzitegi Nagusiak atzera bota die Getaria, Araba eta Bizkaiako Batzar Erregulatzaileei Txakoli izendapena Europa mailako marka izatea. Beraz, Barne Merkatuaren Bateratze Bulegoari eman dio arrazoia auzitegiak; izan ere, epaiak adierazi du txakolina ekoizten duten enpresa guztiek erabili dezaketela Txakoli hitza euren izendapenean.
Hala ere, epaiaren arabera, “Chacolí”, “Txakolina” eta “Txakoli” hitzak erabiltzea Getariako Arabako eta Bizkaiako Batzar Erregulatzaileen “eskubide esklusiboa” da.
Barne Merkatuaren Bateratze Bulegoak hainbat alditan ukatu zuen txakolinaren erregistroa. Honen ustez, txakolinaren izendapena “deskribatzailea” da, eta ez du behar adinako “marka bereizgarririk”.
Epaiak adierazi du edaria “ardo mota bat” dela, eta beraz jatorri geografikoak ez duela garrantziarik. Epaiaren aurrean, Getaria, Araba eta Bizkaiako Batzar Erregulatzaileak helegitea aurkeztea aztertzen ari dira.