Euskarazko hedabideek mahaia osatuko dute EAEko erakundeekin, sektoreak duen egoera aztertzeko

Urola Kostako Hitza 2011ko maiatzaren 17a

Euskarazko hedabide ez publikoek krisiaren ondorioz bizi duten egoerari irtenbidea emateko asmoz, hainbat eskaera egin dizkiete Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundietako ordezkariei diru-laguntzen, publizitate instituzionalaren eta herri erakundeekiko harremanen inguruan. Gaur, euskarazko hedabideen ordezkariek egin duten agerraldian jakinarazi dutenez, Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeak prest azaldu dira hedabideen eta erakundeen arteko "harremanak sakontzeko", eta horretarako mahai bat sortzeko. Euskal hedabideek "pozgarritzat" jo dute hori, krisi egoerari "hobeto" erantzungo diotela uste baitute. Hala ere, diru-laguntzen inguruan "kezka" azaldu dute; hedabideetako ordezkariek hurrengo urterako diru-laguntza publikoen %25eko igoera proposatu diote erakundeei, krisiari aurre egiteko asmoz. Ordezkariek jakinarazi dute erakundeek "eragozpenak" jarri dizkietela diru-laguntzen inguruan. Horren aurrean, krisi garaian euskarazko hedabideetara "laguntza publikoak" igotzea aldarrikatu dute. Publizitateari dagokionez, berriz, euskarazko hedabideetara %25 bideratzea eskatu diete Hego Euskal Herriko erakundeei. Hedabideetako ordezkariek adierazi dute datozen hilabeteak "garrantzitsuak" izango direla, 2012rako aurrekontuak lantzen hasiko direlako. Beraz, beraien eskaerak kontutan izango dituztela espero dutela adierazi dute. Sektorearen egoera "estuaz" eta gizartean duen garrantziaz ohartarazteko asmoz, kanpaina berri bat jarriko du martxan prentsan, irratian, telebistan eta Interneten datozen egunetan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide