“Zarautzek bizi kalitatearen, jasangarritasunaren eta ingurugiroaren ikuspegitik puntu beltz bat dauka: Urtetako zabortegia. Hori dela eta, ahal bezain laster itxi behar da”, adierazi du EAJko Javier Zarraonandiak gaur goizean zabortegian egin duten agerraldian. Helburu hori lortzeko, zaborra “behar bezala kudeatu beharra” dagoela nabarmendu du: “Ezin da golpean desagerrarazi, eta ezta ezkutatu ere. Kudeaketa zuzena eta errealista egin behar da”. Ildo horretatik, EAJren apustua Europako eredua jarraitzea da: prebentzioa, birziklapena,konpostajea eta hondakinen balorizazio energetikoa bultzatzea eta ahalik eta zabor gutxien botatzea zabortegira. “Zubietako errauskailua martxan jarri bezain laster lortu ahal izango da helburu hori. Urteta auzoko bizilagunek merezi dute, sufritu duten guztia sufritu ondoren”, gehitu du.
Iritzi berekoa da Imanol Lasa EAJko Zarauzko alkategaia: “Legealdi honetako arazoetako bat izan da Urtetako zabortegia. Ondo dakigu bizilagunek zenbat sufritu duten. Ingurumena zaindu behar dugu: itsasoaz eta mendiaz inguratuta dago Zarautz, eta horrela izaten jarraitzeko erabakiak eta konpromisoa jarriko ditugu mahai gainean”. Horretarako, “bultzada birziklapenari eta bosgarren edukiontziari” emango diote. Era berean, “atez atekoaren kontra” daudela nabarmendu du Lasak: “Hauteskundeen azken txanpa honetan argi dago Bilduk irabaziz gero atez atekoaren aldeko apustua egin eta sistema inposatuko digula zarauztarroi. Guk Europan egiten denarekin bat egiten dugu. Beste batzuk ematen dute Santimamiñeko kobazuloetara itzultzea proposatzen dutela”. Hori dela eta, Urteta “behar bezala” itxiko eta zaborren kudeaketa “serioa eta egokia” egingo dutela nabarmendu du: “Bai ingurumenari, bai birziklatzari eta atez-atekoari, berriz, ezezko borobila”.
Etzi, hitzordua Batzokian
EAJko zerrendakideak Batzokian elkartuko dira etzi, 11:30ean, kanpainaren inguruko hausnarketa egiteko.