Zorrak medio, Udalak diru gutxiago emango dio Udal Elkarteari

Zarauzko Hitza 2011ko maiatzaren 17a

Zarauzko Udalaren zorpetze maila dela-eta, 2011ean ordaindu beharrekoa baino 100.000 euro gutxiago emango dio Urola Kostako Udal Elkarteari. Hala adierazi zuen Jon Urien alkateak maiatzaren 9an mankomunitateko lehendakari Lide Amilibiari bidalitako gutun batean: «Udalaren gastu orokorretarako gerakina 127.000 euro ingurukoa da, baina, era berean, aurreko ekitaldietatik gehitu beharreko kopuruak ia 400.000 eurokoak dira». Ildo horretatik, Udalak «urtero Udal Elkarteari ekitaldi bakoitzean aurreikusitako ekintzak eta programak bideratzeko transferentzia» egiten duela dio Urienen gutunak, eta, hori dela eta, «betiere aurreikusitako ekitaldiok bere osotasunean bete ez badira» dirua itzultzeko eskatu du. Bozeramaile Batzordeak maiatzaren 5ean hartutako erabakia da. Zarauzko alkateak adierazi du Udalak ez duela dagokiona ordaintzeko arazorik: «Ez da fakturak ez ordaintzearren. Finean, Udalak gerakin oso txikia du, 100 eta piko mila euro ingurukoa, eta Udal Elkarteak, berriz, 500 mila eurokoa. Horren aurrean, mankomunitateari ordaindu beharrekoa murriztea erabaki dugu, Udaleko gerakina areagotze aldera». Hala, 100.000 euro gutxiago ordainduko dizkio Udalak Urola Kostako Udal Elkarteari: «Ordaintzen ez badiogu ere, mankomunitateak 300.000 euroko gerakina izango du, nahiko potentea. Logikoa da, modu horretan bi erakundeen gerakinak orekatuago egongo dira» , azaldu du Urienek. Zarauzko Udalak, «gainontzekoek antzera», zorrak dituela aitortu du . «Legealdi honetan obra garrantzitsuak egin ditugu. 8 milioi euro bideratu ditugu kiroldegia berritzeko, [...]

Zarauzko Udalaren zorpetze maila dela-eta, 2011ean ordaindu beharrekoa baino 100.000 euro gutxiago emango dio Urola Kostako Udal Elkarteari. Hala adierazi zuen Jon Urien alkateak maiatzaren 9an mankomunitateko lehendakari Lide Amilibiari bidalitako gutun batean: «Udalaren gastu orokorretarako gerakina 127.000 euro ingurukoa da, baina, era berean, aurreko ekitaldietatik gehitu beharreko kopuruak ia 400.000 eurokoak dira».
Ildo horretatik, Udalak «urtero Udal Elkarteari ekitaldi bakoitzean aurreikusitako ekintzak eta programak bideratzeko transferentzia» egiten duela dio Urienen gutunak, eta, hori dela eta, «betiere aurreikusitako ekitaldiok bere osotasunean bete ez badira» dirua itzultzeko eskatu du. Bozeramaile Batzordeak maiatzaren 5ean hartutako erabakia da.
Zarauzko alkateak adierazi du Udalak ez duela dagokiona ordaintzeko arazorik: «Ez da fakturak ez ordaintzearren. Finean, Udalak gerakin oso txikia du, 100 eta piko mila euro ingurukoa, eta Udal Elkarteak, berriz, 500 mila eurokoa. Horren aurrean, mankomunitateari ordaindu beharrekoa murriztea erabaki dugu, Udaleko gerakina areagotze aldera». Hala, 100.000 euro gutxiago ordainduko dizkio Udalak Urola Kostako Udal Elkarteari: «Ordaintzen ez badiogu ere, mankomunitateak 300.000 euroko gerakina izango du, nahiko potentea. Logikoa da, modu horretan bi erakundeen gerakinak orekatuago egongo dira» , azaldu du Urienek.
Zarauzko Udalak, «gainontzekoek antzera», zorrak dituela aitortu du . «Legealdi honetan obra garrantzitsuak egin ditugu. 8 milioi euro bideratu ditugu kiroldegia berritzeko, eta Etxezabala eraikina, Merkatu Plaza eta Eguneko Zentroa egiteko hamabost milioi euro guztira», azaldu du. Lanok «egin beharrekoak» zirela nabarmendu du: «Herritarrentzat onuragarriak dira». «Udalaren egoera ekonomikoa ez da hain larria, hala ere gastuak murriztu beharrean gaude eta mankomunitateari diru partida hori ez ematea iruditu zaigu logikoena», dio.
14 milioi euroko zor publikoa
«Guztien artean, lau urtean, Zarauzko Udala egoera oso larrian uzteraino zorpetu dute», salatu zuten Bilduko zerrendakideek atzo egindako agerraldian: «Azken datu publikoen arabera, 14 milioi euroko zor publikoa du Zarautzek, eta azken hilabeteotan kopuru horrek gora egin du, nabarmen». Hala ere, «duela lau urte hitzemandako proiektu arranditsu eta handien arrastorik ez» dagoela nabarmendu zuten.
PSE-EEko bozeramaile Patxi Elolak Zarauzko Udala ez dagoela egoera txarrean nabarmendu du: «Krisia dela-eta, neurriak hartu behar dira. Zarauzko Udalak hartu ditu, baina baita gainontzeko Udalek ere. Zarauzko kasuan, gainera, proiektu garrantzitsuak burutu ditugu aurten eta horretarako kredituak eskatu behar izan ditugu». Hori dela eta, Zarautzek zorrak dituela esan du, eta horregatik erabaki zutela mankomunitateari 100.000 euro gutxiago ordaintzea: «Udalek biztanleariaren araberako portzentaia jakin bat ordaintzen diote mankomunitateari. Zarautzi%53 ordaintzea dagokio, kopuru handia. Udal Elkarteak gerakin nahikoa du, hainbat arrazoirengatik zenbait proiektu ez dituelako burutu. Horregatik erabaki genuen guri dakigun diru partida murriztea».
EB-Aralarreko bozeramaile Andoni Ibargurenek jakinarazi duenez, «Udalak hainbat gastu ditu pendiente», eta horri aurre egiteko hartutako neurria da: «Udalak zenbait obra garrantzitsu egin ditu, eta ondorioz zorrak ditu, eta horiek zaindu behar dira. Lan handia egin beharko da eskatutako kredituei buelta eman ahal izateko. Udalaren egoera ekonomikoa ez da hain larria, halaber».
Gaur, Zuzendaritza Batzordea
Gaur Urola Kostako Udal Erakundeak Zuzendaritza Batzordean landuko du gaia, eta «beste proposamen bat» egingo dutela jakinarazi du EAJko bozeramaile Imanol Lasak. «Kezkatzeko kontua da. Hori dela eta, kanpainan adierazi dugun moduan, EAJk kudeaketa planari emango diogu lehentasuna, eta gastu korrontea murriztuko dugu» .
Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakari Lide Amilibiak ez du «polemizatu» nahi izan: «Gaia oso serioa da. Gaurko bileraren ostean garbiago izango dugu auzia. Proposamenak baditugu eta horiek jarriko ditugu mahai gainean bilkuran». Hala ere, ez dela «berri ona» nabarmendu du Amilibiak.
«Egundoko amildegia»
«Azken euroa aurreztu beharra, ordea, besteen kontura egin beharreko zerbait delakoan daude Zarauzko Udala osatzen duten alderdi guztiak», salatu dute Bilduko hautagaiek. Ildo horretatik, Udaleko egoera ekonomiko «larriaren» eta Udala osatzen duten liberatuen kopuruaren eta haien soldaten artean «egundoko amildegia» dagoela nabarmendu dute.
Bildukoen arabera, politikarien kontzeptura 3.989.513 euro bideratu ditu Zarauzko Udalak. Hala, zinegotzien eta alkatearen ordainsarien zerrenda egin zuten publiko. Horren harira, Urienek soilik hilero 4.425 euro kobratzen dituela esan zuten, eta «hondamendi hau guztia kudeatzeaz arduratu beharko lukeen» ogasun zinegotzi Jon Burgañak, berriz, 3.540 euro. «Eta antzera kobratzen dute Udalbatza osatzen duten zinegotzietatik 12 liberatuk, bata bestearen atzetik. Lotsagarria, benetan».
2010eko urriko plenoan Udalbatzak alkatearen eta zinegotzien ordainsariak %10 murriztea aho batez adostu zuela gogoratu du Urienek, «defizit publikoa gutxitzea helburu». Murrizketa horiei esker, Udalak 400.000 euro gutxiago gastatuko zituela adierazi zuen alkateak. «Gehiegizko murrizketa iruditu zitzaidan bere garaian, baina horrek lagundu
du Udalaren egoera ekonomikoa egonkortzen».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide