Ez ohiko udalbatzarra egin dute gaur, 09:00etan. Bertan “zenbait tramite” onartu dituzte. Patxi Elola PSE-EEko bozeramaileak jakinarazi duenez, agintaldi amaiera medio, “azken tramiteak onartzeko epea amaitzen ari da”. Hori dela eta, Alde Zaharreko Plan Bereziaren testu bategina eta hiri garraiorako zerbitzuaren ordutegian eta prezioetan aldaketak onartu dituzte.
Plenoa hasi aurretik, hitza eskatu du Alde Zaharreko bizilagun batek. Plan Bereziaren prozeduran zein azken tramitazioan “gardentasun falta” egon dela nabarmendu du. Zarauzko alkate Jon Urienen arabera, “onartuta dagoen zerbait onartzeko” deitu dute udalbatzarra: “Tramite hutsa da”. “Hainbat aldaketa txiki egin ditugu dokumentuan. Herritarrek lizentziak eskatzeko epea ez luzatzearren ekarri dugu gaia ez ohiko plenora”, azaldu du Hirigintza zinegotzi Ubaldo Ortizek. 15 aldeko botorekin onartu dute Alde Zaharreko Plan Bereziaren dokumentu bategina, PPko Rafa Olaizolaren abstentzioarekin.
Bestalde, hiri garraioko zerbitzuaren ordutegian eta prezioetan aldaketak egitea onartu dute, aho batez. “Lehenengo eta bigarren lineako eta igande eta jaiegunetako prezioak ondo jaso gabe zeuden, eta prezioak eguneratzeko”, adierazi du Urienek.