Iñaki Agirrezabalaga Bilduko hautagaiak irakurleen galderak erantzun ditu

Urola Kostako Hitza 2011ko maiatzaren 13a

Maiatzaren 17an (asteartean, 12:00etan) Zumaiako Bilduko hautagai Iñaki Agirrezabalagari zuzeneko elkarrizketa egingo zaio. HITZAko erredakzioan izango da irakurleen galderak erantzuten. Zumaiako alkateari galderak egiteko idatzi albiste honen erantzunen atalean. Bestela, bidali galdera urolakosta@hitza.info webgunera. JASOTAKO GALDERAK: -Zer ezberdintasun egongo dek Bilduk gobernatu ala EA-ezker abertzalea udal gobernuak egin? (zumaiarra) Bildu, tradizio abertzale, ezkertiar eta subiranista ezberdinen arteko koalizio bat da. Zentzu horretan, ildo horretatik bere politikak jorratu nahi dituen orori ateak zabalik ditu Bilduk. EA eta ezker abertzaletik haratago doan koalizio bat da. Edozein kasutan, azken urteetan bi alderdietako kideok gobernatzeko erabili ditugun irizpideak Bildu koaliziorako balio dute: Herritarren parte-hartzea sustatu, Udaleko jardueretan berdintasun eta konkurrentzia printzipioak lehenetsi, arlo soziala potentziatu, auzoen beharrak presente eduki, gazteria indartu, alokairuzko etxebizitzen aldeko apustu garbia egin, eta, noski, nahiz eta esan beharrik ez litzatekeen egongo, gardentasuna eman, inork denona den diruaren poltsan eskurik sartu gabe. -Zer proposatzen du Bilduk Zumairako? (-) Batez ere, herritarrak presente eduki. Obra handien garaiak bukatu dira eta gauden egoeran egonda, egunerokotasunean herritarrek behar dituzten beharri erantzutea izan behar du helburua. Nahiz eta azken urteetan arlo soziala asko indartu dugun, hori mantentzeko lanak egin behar ditugu. Auzoak presente izan, batez ere San Jose eta Estazioko auzoak bultzatu. Udalak azkenaldian dauzkan lokalen inguruko hausnarketa eta berrerabilpen egokia sustatu. Arau ordezkatzaileen bitartez zer nolako herria eraiki nahi dugun ikusi, etxebizitza hutsak lehentsiz eta adreiluzko politikak baztertuz. Kirol eta kultura taldeei lagunduz (Zumaia 2020 planean iragarritako kultur foroa sustatuz eta Kirol Patronatua martxan jarriaz), mugikortasunaren bidean azken urteetan eman den bultzakadari indar gehiago eman, bidegorri sarea handituz... -Zer galduko luke herriak Bildurik gabe, eta zer irabazi Bildurekin? (-) Galduko duenaren inguruan garbi dago: gizartean dagoen abertzale eta ezkertiar ezberdinen arteko indarren emaitza ez litzatekeela ordezkatua egongo Udalean, eta, beraz, irabazteko dena dugu: Udal ireki bat, parte-hartzailea, inor bazterturik egongo ez den udal bat eta, batez ere, egunerokotasunari erantzun bat ematen saiatuko dena. Herritarrenganadik hurbil egongo den Udala. - Zumaiak baditu ahaztutako auzoak. Zein asmo dituzue horietarako? (artadiarra) Auzo guztietara iristea behar den bezala ez da erraza izaten, batez ere dauden errekurtso ekonomikoak mugatuak direla kontutan izanda. Hala eta guztiz ere, auzoak presente edukitzea gure helburuetako bat da, batez ere dirua zertan erabili behar den hausnartzen dugunean. Artaditarra ezizena daramazunez, auzo horri dagokionez, eskola zaharra bota eta horren ordez legealdi honetan iragarrita zegoen gune ireki bat egitea proposatzen dugu. Auzoak, ordea, beste behar batzuk baditu, saneamendua edo eta poste elektrikoak lurperatzea. Zorionez, bertan eraiki behar duen sustatzailearekin adostutako akordioaren bitartez bi arazo hoiei konponbidea ematekotan da Udala.  Horrez gainera, lehen iragarrita ez zeuden etxebizitza tasatuak egiteko aukera lortu dugu, hori baita udal batek izan behar duen helburuetako bat: Etxeak egiten diren tokian egiten direla, babes maila bat duten etxeak sustatzea behar du izan helburua. Laster hori martxan ikusiko dugula espero dezagun, eta Artadi auzoa behar duen bezalako auzoa izan dadila. - Gaur egun, udal gobernua osatzen duen EA-ezker abertzaleak lau zinegotzi ditu, EAJk adina. Hauteskundeetan halako berdinketa gertatuko balitz, posible ikusten al duzu Bilduk alkatetza lortzea? Norekin elkartuko zinatekete? (Aupa Zumaia!) Gaur egun udal gobernua osatzen dugun bi taldeok 5 zinegotzi ditugu. Beste gauza bat da 5 horietatik 1-ek, bere karguari eusten diola, bere burua bakarrik ordezkatzen duelako. Edozein kasutan, guk beti programa jarriko dugu aurretik; gure programara gehien hurbiltzen denarekin gobernatzeko prest gaude. Gure ateak zabalik ditugu herria ahalik eta sentsibilitate handienarekin gobernatzeko. Horixe da, hain zuzen, Bilduren espiritua: Ezberdinen arteko koalizio bat egin eta programa komun bat adostu, nazioaren momentu politiko garrantzitsu honetan. - Frontoia noizko? (-) Zorionez, atzoko plenoaren ondoren zera erantzun dezaket: Dagoeneko esleitu da nork egin behar duen frontoia. Atzo plenoak aho batez onartu zuen hori. Beraz, Udaleko teknikariek esaten dutenean enpresa sustatzaileak aurkeztu behar dituen baldintzak ondo daudela, kontratua sinatu eta eta gehienez 18 hilabeteko epean frontoia bukatuta eduki beharko dute. Beraz, eta zorionez, galdera hau erantzuteko badauzkagu datak. Dena ondo bidean, hurrengo urteko udarako herriko frontoizaleak, frontoi eder eta dotoreaz gozatzeko aukera izango dute. Zorionak zumaiar denei!!! - Zarauzko Udalak, zorrak medio, ez diola zor dion dirua emango esan dio mankomunidadeari. Zumaiako Udala ere egoera horretan al da? (kezkatutak herritarrra) Zorionez, Zumaiako Udala ez dago egoera larrian. Zorpetzerik ez duen Gipuzkoako herri bakarrenetako da, bakarra ez esateagatik. Egia da, ordea, Zumaia Lantzenek dituen obrei aurre egiteko likidezia falta dagoela, eta Udalak elkarteari lagundu beharko diola. Diru sarrerak ere asko jeitsi dira azken urteetako krisiaren ondorioz, eta horrek kontuetan ere zuhurrak izatera behartzen gaitu. Datorren legealdian Udalak zorpetu egin beharko du agian, dauden beharrei aurre egiteko. Baina, diodan bezala, gaur egun behintzat egoera onean gaude,  eta zorpetu behar badugu, jakinik zein egoeratan gauden, ez diogu beldurrik. - Hondakinen kudeaketarako zein asmo duzue? Zer iritzi duzue Zero Zabor filosofiaz? Zero Zabor filosofiarekin bat egiten dugu. Birziklatzearen inguruko filosofia txertatu behar dugu herritarrengan. Horregatik, igaro berri den legealdian gai honen inguruko parte-hartze prozesua jarri genuen martxan. Bertatik ondorioztatutako printzipioekin bat egiten du Bilduk. Zaborra jasotzeko zein sistema ezarri, datorren legealdian patxaraz aztertu beharko dugu, beti ere ditugun printzipioei helduz eta herriaren nortasun berezia kontuan edukiz.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide