Inor gutxi iristen den parajeetan

Aritz Mutiozabal 2011ko maiatzaren 12a

Zerrenda luzea dute bizkarrean: Patagonia, Papua Ginea Berria, Nepal, Tibet, India, Groenlandia, Italia, Peru, Tanzania, Frantzia, Turkia, Atlas (Maroko), Pakistan, Txile… Lorentxo Portularrume eta Marga Lazkano senar-emazte bidaiariak eta abenturazaleak dira, eta azken 20 urteetan mundu erdia zeharkatu dute. Herrialdeak ezagutzeko grinak bultzatuta, urtero-urtero bizpahiru bidaia luze egiten dituzte, eta paraje haietan bizitakoa eta ikusitakoa iruditan jasotzen dute. «Argazkilaritza ere gustatzen zaigunez, horretarako ere aprobetxatzen dugu. Edonola ere, ez gara safari fotografiko gisa joaten, baizik eta munduko beste txokoak ezagutzeko asmoz», argi utzi  du Portularrumek. Azken finean, senarra da abenturetako argazkilaria. Emazteari, aldiz, ez zaio kamerarekin aritzea gustatzen; laguntzaile lanetan aritzen zaio, tripodea eusten eta ideiak ematen, besteak beste. Argazkiak Portularrumeren kontuak badira, bidaietako xehetasun guztiak Lazkanok lotzen ditu. «Andreak prestatzen du guztia». Kontinente zaharra ia goitik behera ezagutu ondoren, Afrika eta Asia aldean dabiltza azkenaldian. Orain, ekainaren 6a bitartean, Etiopiara egindako bidaian ateratako argazkiak jarri dituzte erakusgai Zarauzko Itzala tabernan. Danakilgo sakonunea «Aspalditik geneukan Etiopiara joateko gogoa, baina txertoa hartzeko kontuak errespetu handia ematen zigun, eta pixkanaka-pixkanaka atzeratzen joan ginen. Baina, Danakilgo sakonunera joateko halakorik behar ez genuenez, pasa den Gabonetan hara bidaiatzea erabaki genuen. Egiten duen beroarekin, ez duzu eltxorik topatzen han», dio emazteak. Turistikoki masifikatu gabe dauden [...]

Zerrenda luzea dute bizkarrean: Patagonia, Papua Ginea Berria, Nepal, Tibet, India, Groenlandia, Italia, Peru, Tanzania, Frantzia, Turkia, Atlas (Maroko), Pakistan, Txile… Lorentxo Portularrume eta Marga Lazkano senar-emazte bidaiariak eta abenturazaleak dira, eta azken 20 urteetan mundu erdia zeharkatu dute. Herrialdeak ezagutzeko grinak bultzatuta, urtero-urtero bizpahiru bidaia luze egiten dituzte, eta paraje haietan bizitakoa eta ikusitakoa iruditan jasotzen dute. «Argazkilaritza ere gustatzen zaigunez, horretarako ere aprobetxatzen dugu. Edonola ere, ez gara safari fotografiko gisa joaten, baizik eta munduko beste txokoak ezagutzeko asmoz», argi utzi  du Portularrumek.
Azken finean, senarra da abenturetako argazkilaria. Emazteari, aldiz, ez zaio kamerarekin aritzea gustatzen; laguntzaile lanetan aritzen zaio, tripodea eusten eta ideiak ematen, besteak beste. Argazkiak Portularrumeren kontuak badira, bidaietako xehetasun guztiak Lazkanok lotzen ditu. «Andreak prestatzen du guztia». Kontinente zaharra ia goitik behera ezagutu ondoren, Afrika eta Asia aldean dabiltza azkenaldian. Orain, ekainaren 6a bitartean, Etiopiara egindako bidaian ateratako argazkiak jarri dituzte erakusgai Zarauzko Itzala tabernan.


Danakilgo sakonunea

«Aspalditik geneukan Etiopiara joateko gogoa, baina txertoa hartzeko kontuak errespetu handia ematen zigun, eta pixkanaka-pixkanaka atzeratzen joan ginen. Baina, Danakilgo sakonunera joateko halakorik behar ez genuenez, pasa den Gabonetan hara bidaiatzea erabaki genuen. Egiten duen beroarekin, ez duzu eltxorik topatzen han», dio emazteak.
Turistikoki masifikatu gabe dauden tokietara bidaiatzen dute normalean. «Bidaia klasiko turistikoei uko egiten diegu. Tokian tokiko paisaiaz gozatzea, mendi ibilaldiak egitea eta herritarrekin egotea gustatzen zaigu. Haiekin harremantzea, alegia. Duela bi urte Ginea Papua Berriko biztanleekin egon ginen zortzi egunez». Eta Etiopiako egonaldia halako abentura bat izan zen.
Addis Abebatik Danakilera iristeko hainbat eguneko ibilbidea egin behar izan zuten 4 x 4 ibilgailu batean, asfaltatu gabeko bide gorabeheratsuetan. Eskoltek babestuta egin behar izan zuten bidaia, gainera. «Eritreako mugan ibili ginen; batik bat, Dallol kraterrean izan ginenean. Askotan ez genekien hanka Eritrean ala Etiopian geneukan. Haiek ere ez dakite ongi muga zein den, eta bi herrialdeen artean tirabirak daudenez, eskoltaturik joatea komeni da. Ibilgailuan gurekin etortzen ziren metraileta eskuetan zutela», dio Lazkanok.
Egoera horietan bidaiatzeak errespetua sortzen dio jende askori. Senar-emazteari, aldiz, ez horrenbeste: «Eltxoen ziztadak beldur handiagoa ematen digute, egia esan». Bidaia gogorrak dira, eta, nolabait esateko, turismoa oraindik ez da haraino iristen. «Eta guk horrelako tokiak maite ditugu: Gauza zoragarriak dauden tokiak, baina bisitari gutxi dituena». Alde horretatik, abenturazaleen prigilegioaz gozatzen du bikoteak.
Banoa agentziarekin joaten dira hara eta hona. Normalean, ezohiko bidaiak eta ibilaldiak antolatzen dituzte mundu zabalean, hamabost bat laguneko taldeentzat. «Fisikokiko ongi eta osasuntsu joan behar izaten da horrelako bidaietara. Hanka puskatuz gero, edozer gerta dakizuke han. Toki horietan ez dago osasun zentrorik, ezta antzekorik ere. Badaezpada ere, motxilan arropa baino sendagai gehiago eramaten dugu», azaldu du erdi-txantxetan Lazkanok.
Etnia ezezaguna
Etiopiako iparmendebaldean ibili ziren; Afarren  lurraldean,  hain zuzen ere. Afarrak Afrikako etnia ezezagunetako bat da. «Pertsona serio sona dute, baina gurekin oso jator portatu ziren. Asko hurbiltzen ziren gugana, ongi-etorria ematera. Oso irekiak dira», diote. Hala ere, konfiantza irabazteko haiekin harremantzea ezinbestekoa dela dio Portularrumek. Afarren bizimodua oso gogorra da, Essale lakuko gatza biltzetik bizi baitira. Goizetik gauera, 45 eta 60 gradu artean egiten dute lan, lurreko tokirik beroenean. Abisiniako lurralde altuetan, aitzitik, emankortasun handiko guneak topatu zituzten, baina oraindik oinarrizko lanabesekin lantzen dute lurra; ganaduaren laguntzarekin, gehienetan.
Espero baino gehiago topatu zuten pasiaiari dagokioean ere. «Ez dirudi, baina hango natura oso indartsua. Benetan ikusgarria. Ezin da hitzez azaldu han ikusitakoa. Esaterako, Ert-Ale sumendiaren inguruan bibaka –aire zabalean egindako gau baterako kanpamentua– egin genuen, eta mendiaren karraska eta labak sortutako olatuen talkak entzuten egon ginen etzanda, izarrei begira. Hori sekulakoa izan zen».
Etiopiara bigarrenez
Etiopiaz maiteminduta geratu da  senar-emaztea, eta datorren udan itzultzekoak dira. Oraingoan, ordea, iparrekialderantz eta hegoalderantz abiatuko dira. «Horrenbeste gustatu zaigunez, herrialde osoa ezagutzeko gogoz geratu gara», nabarmendu du Lazkanok. Beraz, abuztu osoa Etiopia ezagutzen pasatuko dute. «Oraingo honetan, hartu beharreko txerto guztiak hartuta, gainera».
Gabonetan ateratako argazkiekin Itzala tabernan erakusketa jarri duten arren, bidaian ateratako argazki gehienak ez dizkiote ia inori erakutsi. «Etiopia osoa zeharkatu ondoren, proiekzio emanaldi bat egitea da gure asmoa, Mendi Astean-edo». Bidaiako argazki bati esker, hain justu ere, Muy Interesante aldizkariko maiatzeko argazki onenaren saria jaso du berriki Portularrumek. Duela hilabete, Zarauzko olatuen irudi batekin laugarren geratu zen, eta, orain, lehen saria lortu du. Eta pozez zoratzen jaso du berria. Natura, paisaiak, fauna eta jendearen espresioak irudikatzea atsegin du argazkilariak. Hala, bidaiatzeko garaian, «argazkietan jasotzea merezi» duten lurraldetara joaten direla onartu du.
Atzerriko irudiak ez ezik, etxekoak ere baditu Portularrumek. Astelehenean, Zarautz inguruko argazkiak jarriko ditu Euskalduna tabernan. Beraz, bi erakusketa izango ditu argazkilariak aldi berean. «Boladak izaten dira. Oraintxe dena eta gero ezertxo ere ez». Era berean, Euskal Herriko lau urtarotako argazki bilduma lantzen ari da. Oraingoz, udazkeneko eta neguko argazkiak bildu ditu, eta, orain, udaberrikoa lantzen ari da. Proiektua osatu ondoren, jendaurrean proiektatu nahi duela eman du jakitera.


Zilar koloreko gorilak

Bidaiei ez die etenik egingo bikoteak, Gabonetan Kongora joatekoak direla aurreratu baitu. «Hara, bai, argazkiak ateratzeko asmoz joango gara. Zilar koloreko gorilei argazkiak ateratzera, alegia», dio Portularrumek. Emazteak, ordea, bidaia beraren bestelako ikuspegia du: «Nik pigmeoen tribura joan nahi dut». Abenduan egingo dute bigarren bidaia hori. «Etiopiarako hartu behar ditugun txertoak aprobetxatuko ditugu. Normalean, ez dugu txertorik hartu nahi izaten, eta, behin hartzen hasita, erreskadan bisitatuko ditugu bi herrialdeak».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide