Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Azpeitiko Alkate Julian Eizmendik adierazi duenez, Companhia Siderurgica Nacional (CNS) talde brasildarrak «egun gutxi barru» hartuko du Alfonso Gallardok Azpeitian dituen bi lantegien gidaritza, Corrugados Azpeitia eta Corrugados Lasao lantegiena. Asmo horren berri eman zioten CNSko arduradunek alkateari, joan den ostiralean, udaletxean egin zuten bileran. «Udalerriko planeamendu urbanistikoa nolakoa den jakin nahi izan dute», adierazi du alkateak . «Enpresarekin jarraitzeko duten nahia eta enpresaren gidaritza egun gutxi barru hartzeko asmoa» agertu zioten enpresari brasildarrek Eizmendiri, haren hitzetan.
Alkateak zera dio: «Albiste ona da enpresaren etorkizunarentzat eta, noski, bertako lanetik bizi den hainbat eta hainbatentzat». Oro har, «albiste ona» da Eizmendiren ustez, «Azpeitia eta bailara osoarentzat».
Azken urteotan enpresak bere instalazioetan eta Trukutxo (Lasao) eremuan inbertsioak egin izana «oso garrantzitsua da egun gutxi barru egingo den eskualdaketa errealitate izateko, eta aurrera begira ere beste etapa itxaropentsu bati ekiteko», adierazi du.
Langileek informaziorik ez
ELAko langileen ordezkari Quico Praterok Urola Kostako Hitza-ri adierazi dioenez, ez dute «inolako» informaziorik. «Ez dakigu ezer». Langileak etsitzen hasiak dira. «Hau adarjotze bat da. Enpresako gerentziak ere ezer ez zekiela esan zigun lehengo astean, baina hemen zebiltzan gero brasildarrak. Sekretismo handia dagoela behintzat argi dago, eta ez dakigu zer gertatzen ari den hor atzean», dio Praterok.
Langileak martxotik daude LET Lan Erregulazio Txosten baten pean eta, zuzendaritzako zenbaiti izan ezik, beste guztiei eragiten diete neurriek. Dena den, LETeko 100 egun arte luza dezakete egoera.
Balorazioak «ondoren»
LAB sindikatuko Aitzol Aristorenak zera adierazi du: «Enpresa honek Corrugados erostea positiboa ala negatiboa den, gero ikusi beharko da». Inbertsioak «aspaldi» eginak daudela dio. «Ikusi beharko dena da horrek plantillan eraginik ba al duen ala ez; langile kopurua jaitsiko den ala ez, alegia, eta zein lan baldintza izango dituzten langileek».
Langileei kezka gehien sortzen diena zera da: «Gaia ezkutuan daramate, eta mesfidantza handia sortzen du horrek».