Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Gainean dute oriotarrek Balearen Eguna, eta aurten bi egitarau izango dituzte larunbateko festan. Izan ere, Udalak eta Txosna Batzordeak beraien aldetik prestatu dute festa, eta Bilduk "tamalgarritzat" jo du hori. "Denon artean egindako jaiak denon artean ospatu behar ditugu", adierazi du Beñat Solaberrieta Orioko Bilduko zerrendaburuak. Hori hala, kasu hori errepikatu ez dadin lan egingo duela agindu du koalizioak: "Herriko taldeen lana goxatu eta Udaletik bideratzen diren festetan eragileak kontutan hartuko dira".
Bilduk adierazi du "herritik herrira egindako festak" nahi dituela; horregatik, koalizioak nabarmendu du San Nikolas edota San Pedro festak antolatzerako orduan "herritarrak ondoan" izan behar direla.
Orioko Udalak duela aste batzuk aurkeztu zuen Balearen Eguna, eta Jon Redondo Orioko alkateak adierazi zuenez, "herritarren ideiekin osatutako egitaraua" antolatu zutela. Orioko Txosna Batzordeak, berriz, salatu du Udalak deitutako lehenengo bileretara joan zirenean dagoeneko "egitarau itxia" zutela, eta "elkarlanean aritzeko zailtasunak" izan zituztela.
Bestetik, koalizioak herritarrak larunbatean egingo duten festara gonbidatu nahi izan ditu. Taldeak eskerrak eman nahi izan die Balearen Eguneko zereginetan arituko diren guztiei, eta nabarmendu du Udalaren "lehen egitekoa" dela jaiak antolatzeko eta ospatzeko lana egiten ari diren herritarrak "zaintzea".