Igor Iturain (Aia, 1973) zortzi urtez izan da Aiako alkate, eta hirugarren aldiz izango da EAJ alderdiko zerrendaburu. Bozak irabaziz gero, azken legealdia izango duela aitortu du. Aurreko hausteskundeetan lortutako emaitzei eustea espero du.
Zortzi urteko esperientziarekin aurkeztu gara. Ilusioa sorrarazten duen programa dugu esku artean. Ongi ikusten dugu gure burua. Badugu esperantza.
Hirugarren aldiz aurkeztu zara alkategai. Duela zortzi urte bi legealditan soilik izango zinela esan zenuen. Zerk eraman zaitu erabakia aldatzera?
Hori zen hasieran nuen planteamendua. Baina proiektu batzuk zintzilik geratu dira, eta horiek bukatzea gustatuko litzaidake. Hala ere, argi dut azkeneko legealdia izango dela datorrena. Udaletxeko nire zeregina amaituko da datozen lau urteetan.
Erabaki pertsonala izan al da?
Bai, hala da. Lanpostu honetan aldaketak garrantzitsuak dira, eta ilusioa duen jende berria sartzea ere beharrezkoa da.
Zer proiektu dituzue esku artean datozen lau urteetarako?
Proiektu garrantzitsuena Lardizabal ikastetxea izango da. Ikastetxeak espazio falta du; hori du zorioneko arazo. Arazoa zorionekoa dela diot, herrian kopuru dezente dagoela islatzen duelako. Beraz, proiektu nagusia ikastetxearen beste eraikin bat egitea da. Hori izango da gure apustua. Horrez gain, auzoetan azpiegitura aldetik egin behar diren lanak ere kontutan izango ditugu; Elkano auzoan, esaterako, frontoiarekin batera txoko bat bat sortzeko asmoa dugu bizilagunentzako.
Alkatetza lortuz gero, aurreko legealdiaren jarraipena egingo al duzue?
Azkeneko legealdian alde batera utzi ditugun kontuak berreskuratuko ditugu, baina horrez gain aurrekoaren jarraipena izateko asmoa dugu. Aurrerantzean, auzotarrekin urtean bitan bilerak egin nahi ditugu. Auzotarrengana gerturatu nahi dugu. Izan ere, azken lau urteetan egin dugun akats handinetarikoa auzotarrengana behar adina ez hurbiltzea izan da.
Zein izan dira azken lau urteetan egin dituzuen proiektu estrategiko nagusiak?
Azpiegituretan lan asko egin dugula uste dut, herriko auzoetan, kasu; gasa, saneamendua eta urari dagokionez, batez ere. Baserri multzoetara ere ura iritsi da; herribide eta baserribideetan asfaltatze lanak egin ditugu... Lau urtean lau milioi euroko inbertsioak egin ditugu azpiegituratan. Halako herri batentzako kopuru handi xamarra da hori. Horrez gain, Biziturri izeneko programan herriko nekazariekin eta turismo eragileekin ere aritu gara lanean. Merkataritzari lagundu diogu, eta gaztelekua laster jarriko dugu martxan.
Ba al dago egin gabe geratu zaizuen proiekturik?
Elkano auzoa da zintzilik geratu zaiguna. Bertako auzotarrekin konpromisoa dugu azpiegitura aldetik, eta horrek bultzatu nau hein batean berriro aurkeztera. Altxerriko kobazuloen inguruan ere ari gara egitasmo bat prestatzen aurreko legealditik. Finean, duela lau urte aipatutako proiektu gehientsuenak hasi eta amaitu ditugu, baina gainontzekoiei ere jarraipena emango diegu.
Legealdiaren inguruan nolako balorazio egin duzue?
Ona. Akatsak eta ongi egindakoak kontuan hartuta, balorazio positiboa egin dugu. Lana egin dugu, eta ahal den neurrian gauzak aurrera ateratzen saiatu gara. Batzuetan ez dira atera gustatuko litzaigukeen bezala, baina saiatu, behintzat, egin gara. Lana gingo dugu, hori da datorren legealdirako agintzen dudan gauza bakarra.
Aurreko hauteskundeetan gehiengo absolutua lortu zenuten. Oraingoan ere halako emaitza lortuko duzuela uste al duzu?
Hala espero dugu. Gainera, oraingoan udaletxean bederatzi zinegotzi izatetik hamaika izatera pasatuko gara. Aurreko emaitzari eustea espero dugu, eta sei zinegotzirekin dagoeneko gehiengoa lortuko genuke. Zerrendakide asko pertsona gazteak dira, eta horrek herritarrak erakarriko dituela uste dut. Gure helburua zinegotzi kopuruari eustea da, eta ahal bada zazpigarrena lortzeko asmoa dugu.
Joan zen astean Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Bildu legeztatu zuen. Nola hartu duzu erabakia?
Pozez eta lasaitasunez. Guztiok ditugu eskubideak eta eskubide horiek bermatu egin direlako hartu dut pozez. Bestetik, herritarrek urkezten diren guztien artean erabakitzeko aukera izango dute a. Horrek ematen dit lasaitasuna. Euskal Herriarentzako erabaki garrantzitsua da, baita normalizaziorako ere.
Azkeneko legealdia izango dela diozu. Gero politikan jarraitzea gustatuko al litzaizuke?
Ez dakit zer egingo dudan. Gainera, Gipuzkoako Batzar Nagusietan zerrendan bosgarren postuan nago. Beraz, ez dut ezer alboratzen. Horrek, ordea, ez nau kezkatzen. Lau urte pasa eta gero ikusiko dut, eta garbi dut etxera joan behar badut lasai eta inongo arazorik gabe joango naizela.