Azken zortzi urteak Azkoitiko alkate lanetan egin ditu Asier Aranbarrik (Azkoitia, 1972). EAJko militantea da 1994 urtetik, eta alkate izan aurretik ofizioz abokatua izan da. Orain lekukoa pasako dio Mikel Zubizarreta alderdikideari, egungo alkateordeari.
Azken bi agintaldietan Azkoitiko alkatea izan zara. Nola baloratzen duzu denbora tarte horretan egindako lana?
Nire lanaren balorazioa beste batzuek egin beharko dute, baina ni behintzat oso gustura egon naiz zortzi urte hauetan. Uste dut hartu genuen Azkoititik utziko dugun Azkoitira alde handia dagoela. Zentzu guztietan askoz herri hobea uzten dugula uste dut; azpiegituratan, ekipamendutan eta, bereziki, zerbitzu arloan. Bestalde, uste dut zortzi urteko tartea nahikoa dela gauza batzuk egiteko, eta besteei erreleboa utzi behar zaiela pentsatzen dut.
Arantzarik gelditu al zaizu?
Ez, beti daude hobetu beharreko gauzak eta egin beharrekoak, baina arantzarik ez dut.
Politikan jarraitzeko asmoa al duzu?
Ez dakit oraindik. Aurrena agintaldia ahalik eta modu onenean amaitzea da asmoa. Nire ustez politikan askatasunetik aritu
behar da. Askatasun hori izatea garrantzitsua da, eta ni kargu berean jarduteko epealdiak jartzearen aldekoa naiz: Zortzi urte egin ditugu, eta ondo dago. Gero, gerokoak.
Mikel Zubizarretak hartuko du zure lekukoa EAJren alkategai gisara. Alkate izateko zer ezaugarri edo abilezia ikusten dizkiozu?
Mikel oso mutil egokia dela uste dut. Alde batetik, herriko mutila da, oso harreman zuzena duena eta izan dezakeena etorkizunera begira herritarrekin, eta hori nabarmentzekoa dela uste dut. Horretaz gain, kudeaketari dagokionez esperientzia badu. Azken zortzi urteetan zinegotzia izan da, eta aurreko agintaldian alkateorde ere bai. Ez zaio batere arrotza egingo Udala; Azkoitiko beste alkategaiekiko abantaila hori izango duela uste dut.
Herri programa prestatzen elkarrekin ariko zineten. Zein dira EAJren proposamenak datozen lau urteetarako?
Hori Mikel Zubizarretak berak erantzutea nahiko nuke; errespetoa zor diodala uste dut gai horretan. Lau urte hauek eta aurrekoak nireak izan diren bezala, hurrengo laurak bereak izango direlako.
Jar zaitez maiatzaren 22ko gauean. Zinegotzi banaketari dagokionez eta oraingoan Bildu eta Azkoitia Bai koalizioak ere izango direla kontuan hartuta, aurreko urteetako joerari eutsiko zaiola uste al duzu?
Ni itxaropentsu nago. Alde batetik, poz handia hartu nuen Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Bilduri aurkezteko aukera eman ziolako eta, bestetik, erabaki horrekin amaitu dira izan genitzazkeen desberdintasunak kanpaina egiterako orduan. Hau da unea nork bere programak aurkeztu eta herritarrek ahalik eta modurik egokienean erabaki dezaten. Nik uste dut egindako lanagatik, eta etorkizunera begira egingo duenagatik, Azkoitirako egitarau sendoena eta proposamen konkretuenak aurkezten dituena EAJren zerrenda dela.
EAJk irabaziko duela uste al duzu?
Bai, seguru nago. Hamar egun hauetan lan asko egin beharko dugu, baina ziur naiz Mikel Zubizarreta izango dela Azkoitiko alkatea. Bilduri dagokionez, panorama elektorala argitzen lagunduko duela uste dut. Bestalde, Baterak zer egingo duen ikusteko dago, orain arte aldarrikatu duelako ez dela alderdi politikoa, eta hori galdu egin duelako Aralar eta Ezker Batua-Berdeak barruan hartuta. Beraz, ikusiko dugu zer ibilbide duen koalizio horrek.