Bihartik aurrera, pintxo poteoa egingo dute ostegunero

Urola Kostako Hitza 2011ko maiatzaren 11

Bihar ekingo diote herriko hamairu tabernarik pintxo poteoari. Inguruko herrietan egiten duten bezala, astez aste eramango dute aurrera ekimena, eta bezeroek ostegunetan edaria eta pintxoa eskuratuko dute euro eta erdiren truke.
Zumaiako merkatarien Zumartian Hirugarren Sektorea Sustatzeko Plataformak sortu du egitasmoa, eta kaleak bizitzeko asmoz. Ostalarien esanetan, "osteguna egun aproposa da lagunekin zerbait hartzera irteteko", eta udaberria garai egokia ikusten dute egitasmoa martxan jartzeko.
Ganbara, Gure Txokoa, Itxaso, Itzurun, Kalari, Kantauri, Kresala, Marina Berri, Metro, Trapaia, Tximista, Zumaia Hotela eta Zalla tabernetan egin daiteke pintxo poteoko zirkuitua. Merkatarien elkarteak adierazi duenez, «funtsean ohiko pintxoak» egongo dira egun horretan, baina taberna bakoitzak pintxo desberdina eskainiko du, bezeroak aukera gehiago eduki dezan. Gainera, astez aste tabernariak aldatu egingo dute euren eskaintza. Edariei dagokienez, berriz, kriantza, ardo zuria eta gorria, zuritoa, ura eta mustioa jasoko dute herritarrek.
Pintxo poteoa egiten duten tabernariek txartel bat banatuko dute parte hartzen duten bezeroen artean; bihartik abendura bitartean tabernari bakoitzak bezeroaren txarteltxoan seilua jarriko dio pintxo poteoan parte hartzen dionari. Hori hala, taberna guztien zigiluak lortzen dituztenean, bezeroak Principe de Viana upategira joateko zozketan sartuko da. Horretarako bezeroek Zumaiako Turismo Bulegoan utzi beharko dute txartela. Antolatzaileek bost pertsonentzako zozketatuko dute saria, irailak 20ean eta abenduaren 13an.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide