EB-Aralar koalizioko hautagaiek herri programa aurkeztu zuten astelehenean. “Gure lehentasuna herritarrak izango dira, haientzako zerbitzuak sendotzea eta hobetzea”, adierazi zuten. Ildo horretatik, koalizioak herritarren arazoei “ezkerretik” eman nahi dio erantzuna.
Enpleguaren aldeko mahai soziala sortzea proposatu zuten zerrendakideek, “herrian enplegua sortzeko estrategia prestatu eta bereziki ekonomia soziala bultzatzeko”. Era berean, babes ofizialeko etxebizitzak sustatzea izango da EB-Aralarren egiteko nagusia, “batez ere alokairuzkoak” : “Zarautzen 1.481 pertsonek eskatu dute etxebizitza babestua. Aldapetan, Kortazarren, Amillubin eta Itxas Mendin sustatuko ditugu”.
Mugikortasunari dagokionez, TAO sistema aldatu beharra dagoela gehitu zuten. Hala, errotazio sistema martxan jartzea proposatu zuten: “Bizkaia, Zigordia eta Foruen kalean errotazio sistema jarri behar da aparkatu ahal izateko; doan zarauztarrentzat, ordainpekoa kanpotarrentzat”. Era berean, udan TAO sistema bigarren eremura mugatu behar dela esan zuten, eta aparkalekuak egokitu herritik kanpo.
Horrez gain, Alde Zaharreko urbanizazio berria eskatu zuten, baita bidegorri sare integrala garatzea ere. Autopistako hirugarren erraila sortzearen kontra agertu ziren, bestalde. Erraustegiaren moratoria eskatu zuten eta birziklapena sustatzea. Halaber, Polikulturalari uko egiten diotela nabarmendu zuten: “Azterketa teknikoak egiteko xahututako bi milioi eurokin posible izango zen Modelo zinema eraberritzea, esaterako”.
Herritarren arretarako zerbitzu bateratua prestatu behar dela gehitu zuten, ordutegia zabalduz, administrazioko tramiteak errazteko. Kiroldegian kuota soziala aplikatzea eta diru sarrera murritzak dituztenei hobariak eskaintzea proposatu zuten. Horrez gain, Turismo eta Kirol Patronatuak bertan behera utzi behar direla nabarmendu zuten: “Udal administrazioaren baitan integratu behar dira”.
Euskara lantzea eta haren erabilera sustatzea izango da EB-Aralarren helburua: “Zarautz erreferentzia gunea da esukaltzaleen artean, eta izaten jarraitu behar du. Horretarako behar diren bitartekoak bermatu behar ditugu”. Berdintasun Sailaren ekimenak indartu eta herritarren partaidetza zuzena bultzatu behar direla gehitu zuten, baita Herri Kirolak lantzeko eskola sortu ere.
“Lanean segituko dugu indarkeria bitarteko politiko moduan erabiltzeari behin betiko bukaera eman arte. Bakea, elkarbizitza eta adiskidetzearen alde egingo dugu”, nabarmendu zuten.
Zenbait hitzordu
Gaur eguerdian auzoz auzoko proposamenak aurkeztuko ditu koalizioak Azken Portuko Guria tabernaren atarian. Bihar, berriz, eskuorriak banatuko dituzte Vista Alegren. Gauza bera egingo dute etzi Lege Zaharren Enparantzan, 18:00etatik aurrera.
