Maiatzaren 12an, asteazkenean, Fibromialgiaren Nazioarteko Eguna denez, Bizibide taldekoak anbulatorioan izango dira 09:00etatik 13:00etara bitartean gaitzari buruzko informazioa zabaltzeko asmoz.
Fibromialgia dutenek gorputzeko hainbat ataletan min handia sentitzen dute: giharretan, zurdetan eta giltzaduretan, esaterako. Bizpahiru ordu baino gehiago lo egiteko arazoak izan ditzakete baita ikusmen lausoa edo hesteetako arazoak ere. Sintoma horiek antzemanez gero familia-medikuarengana jo behar da, baina fibromialgia diagnostikatzea erreumatologoaren lana da; izan ere, gaitz erreumatologikotzat hartu da. Hala ere, askotan sendagileek ez diete gaixotasunik antzematen eta sendabiderik ere ez dute aurkitu. Izan ere, gaitz erreumatologikoen kontra erabiltzen diren antiinflamatorioek ez dute eraginik fibromialgia dutenengan. Mina arintzeko bada ere, esteroiderik ez duten antiinflamatorioak nahiz analgesikoak har daitezke.
Gaitza pairatzen dutenen gehiengoa emakumeak dira eta batez ere 45-55 urte bitartekoek izaten dute fibromialgia. Minaren ondorioz lan egitea oso zaila zaie gaitz hori dutenei, baina analisi bidez afrogatu ezin dutenez baja hartzea ere zaila izaten da. Beraz, informazioa zabaltzeaz gain, bide batez, fibromialgia gaixotasun bezala onartua izan dadin eta gaitza iker dezaten eskatuko dute anbulatorioan.