“Asko gara eta helburu bat dugu: Zarauzko Udalari aire berria ematea”, adierazi zuen Bilduko hautagai Juan Luis Illarramendik. Gipuzkoako Bilduko hautagai Idoia Ormazabalek eta Zarauzko zerrendakideek agerraldia egin zuten atzo Lege Zaharren Enparantzan. Gipuzkoarako eta Zarautzerako dituzten proposamenak azaldu zizkieten bertan bildu ziren dozenaka herritarrei.
Batetik, hutsik dauden etxeak baliatzea eta “beharrezkoa denean soilik” berriak eraikitzea proposatu zuten Zarauzko Bilduko zerrendakideek. “Eraikitzen diren etxebizitzak babes ofizialekoak beharko dute izan”. Bestetik, Usurbilgo Itunarekin bat egiten dutela jakinarazi zuten: “Errauskailuaren aurka gaude eta zero zabor filosofia babesten dugu”. Era berean, marko feminista indartzea, Kultur Mahaia sortzea, Herri Eskola Kontseilua osatzea, Udal eraikinen inguruko diagnosia egin eta herritarrei jakinaraztea, festa guneak definitzea, Asti zein Irita bezalako guneak babestea, azpiegiturak eta loturak hobetzea, TAO sistema berrikustea eta nekazaritza sustatzea izango dira Bilduren egitekoak, besteak beste.
Aldaketa politiko, soziala eta instituzionala Gipuzkoarako
“Aldaketa politiko eta soziala bultzatzea da gure helburua”, nabarmendu zuen Ormazabalek. “Euskal Herrian gauzatu da aldaketa, ziur gaude Gipuzkoan ere gauzatuko dela”. Ildo horretatik, Gipuzkoako instituzioetara, udaletxeetara eta foru aldundira “aldaketaren bozkaz osaturiko olatua eramatea guztion esku” dagoela gehitu zuen.
Hala, Bilduk Gipuzkoako Foru Aldunditik Euskal Herriaren nazio eraikuntza bultzatuko duela adierazi zuen: “Gipuzkoako Foru Aldundia Euskal Herriari begira jarriko dugu, ez Madrili begira, Euskal Herria Gipuzkoako instituzioetatik ere eraiki baitaiteke”.
Bestalde, Gipuzkoa euskalduna nahi du Ormazabalek: “Gipuzkoako edozein txoko eta kaletan euskaraz normaltasunez hitz egiteko eskubidea bermatu nahi dugu, gipuzkoar guztion eskubidea alegia, gipuzkoar guztiona baita euskaraz jakin eta normaltasunez hitz egiteko eskubidea”. Era berean, “herriz herri egiten den baina dispertsatuta dagoen kultur unibertso zabala Gipuzkoa osora zabaldu behar da”. Horren harira, euskal kulturak Gipuzkoan gune neuralgikoa behar duela adierazi zuen Ormazabalek, “gaur egun ez dagoen gunea”. Tabakalera jarri zuen adibidetzat.
“Lanerako eta bozka emateko” deia egin zien herritarrei: “Itzulezina den aldaketa hau Euskal Herriko eta Gipuzkoako txoko guztietara iritsi dadin, eman bozka Bilduri”.

