Ostiral honetan, hilak 13, euskal kantuetan oinarritutako musika kontzertua izango da Pio Baroja plazan, Zestoan, 20:00etatik aurrera Kutxak antolatuta. Iñigo Agirre eta Nerea Erbiti musikariek musika klasikoaren eta jazzaren arteko lotura egingo dute, oinarrian, besteak beste, Mikel Laboaren, Imanolen eta Juan Karlos Perezen abestiak hartuz. Gitarra klasikoaren eta ahots inprobisatuen nahasketa izango da emanaldiaren ezaugarri nagusia.
Iñigo Agirrek Musikako Goi-mailako titulazioa du eta gitarra klasikoan espezializatua da. Nerea Erbiti trikitixa eta txalaparta irakaslea da eta goi-mailako ikasketak egiten ari da kantu moderno eta jazz arloan, Iruñeko Goi-mailako Musika Kontserbatorioan.