Honen esanetan 2003an Arraun Elkarteak egindako plan estrategikotik etorri zen Arraun Teknifikazio Zentroa egiteko ideia: Arraun Elkarteak zeuzkan helburuak betetzeko instalazio egokirik ez geneukala ohartu ginen, ordukoak hondatuta baitzeuden. Gabezia horri erantzuteko proposamena egin arren kostu altuen eraginez Udalak hartu zuen horiei nola aurre egin aztertzeko ardura. Horren arabera, eraikinak berak eta baliabideek gutxi gorabehera 5.200.000 euroko kostua izango dute eta urteroko gastuek 100.000 euro. Egin behar zen zerbait emango zuena inbertitzeko dirua eta urtean zehar dirua sortuko zuena. Beraz, teknifikazio zentroa egitea bururatu zitzaigun, esan zuen Mikel Izquierdok.
Horretarako arraun, piraguismo eta kirol egokitu federazioetara jo zuten –Administraziotik jasotzen dute dirua eta hauek dira giltza beste administrazioek proiektuak aurrera eramateko dirua emateko–. Hauek ongi ikusi zuten teknifikazio zentroa Orion izatea, izan ere, asko borrokatu genuen horren alde. Gainontzeko dirua honako erakundeetatik jaso dute
- Foru Aldundia: 1.000.000 euro
- Eusko Jaurlaritza: 2.561.000 euro
- Consejo Superior de Deportes: 1.875.000 euro
- Kutxa: 525.000 euro
Diru kontuez ez ezik dirua jasotzearen truke erakundeek eskatuko dutenaz ere aritu ziren. Beste erakundeen
beldurra Orioko Arraun Elkartearen egoitza bakarrik izatea. Tamaina oso handi
batean (%70etik gora) hala izango da, baina era berean bermatu egin behar dira besteek dituzten
behar txikiak. Esandakoaren arabera errendimendu altuan ari direnekin hartutako konpromisoa da
beharrak dituztenean, puntualki, Orioko arraunlariekin partekatzea teknifikazio
zentroa. Gehienez 12 etorriko lirateke eta urtean asko jota 30 egunez.
Hortaz,
gutxi partekatu behar da eta instalazioek dituzten ezaugarrien arabera ikusiko
da zer partekatu behar den. Gimnasioak, esaterako, 1.000 metro koadro edukiko
ditu. Beste behar batzuk ere asetuko ditu eraikinak.
Piraguak edo skiff-ak gorde eta erabiltzeko gune bat izango da herritarrek alokairua bidez erabili ahal izango dutena. Aldagela
propioak edukiko dituena erabiltzaileek traban daudena sentsaziorik
izan ez dezaten.
Eraikinaren azalerak ere izango ditu aldaketak, noski. Lehengoak beheko solairuan 1.800 metro koadro zituen eta tarteko solairuan 643 metro koadro eta azalera horretan zeuden biltegia, gimnasioa, bulegoak, aldagelak eta fosoa. Oraingoak beheko solairuan 2.450 metro koadro izango ditu, tarteko solairuan metroak irabaziko dira eta hirugarrenean ia 600 metro koadro; guztira, ia 6.000 metro koadro. Aurrez aipatutako gune guztiak handitu egingo dira eta herritarrentzat biltegia eta banatutako aldagelak egongo dira. Horretaz gain beste gela edo gune hauek egongo dira Arraun Teknifikazio Zentroan:
- Balorazio gela klimatizatua
- Fisioterapia gela
- Errekuperazio gela
- Biomekanika gela
- Elkarte gastronomikoa
- Museoa
- Denda
- Ikasketa gela
- Logelak
- Hipoxia gela, altuera simulatzeko
Ekipamenduan ere izango da berrikuntzarik. Asmoa da entrenamenduak kontrolatzeko
sistema berria bat ezartzea. Arraunlariek txip bat izango lukete eta informazio guztia
gordeko luke han: egindako entrenamenduen, potentziaren… datuak eta dena datu
base batean sartu. Bestalde, gimnasiorako ur hotz-bero kontraste
errekuperazio gela eta aire egokituko balorazio gela ere egongo dira eta uretarako ontziak, katamaranak eta nasa.
Arraun Teknifikazio Zentroa bukatzeak du garrantzi gehien, baina beste asmo batzuen berri ere eman zuten aurkezpenean. Jon Redondok azaldu zuenez, arraun pista falta eta teknifikazio zentroa egitean piraguistek ere eskatu zuten, baita ur lasterren gunea ere. Bigarren zati hori egiteko Motondoko gunea ikusi dute egoki 500 metro koadroko eremuan egongo litzateke arraun pista eta ur lasterren gunea. Bide batez Motondoko fauna eta flora berreskuratzeko asmoa ere agertu zuten bi proiektuak bateragarri direla esanez. Oraindik, ordea, asmoa baino ez da Motondokoa. Lehenengo esku artean duguna bukatu behar da, gero modu egokian kudeatu eta etorkizunerako erronka da Motondon egin nahi duguna.
Zaharren Egoitza
Arozenean, Zeramika fabrikan, pentsatu du Orioko EAJk Zaharren Egoitza berria egitea. Hori dela eta, herritarren aurrean proiektua aurkeztu zuen ostiralean Jon Redondok. Zaharren Egoitza aurkezteaz gain, aurkezpen ekitaldian, bezperan mahai inguruan aipatutako beste hainbat puntu nabarmendu zituen EAJren alkategaiak. Bere diskurtsoan, besteak beste, bertaratu zirenei botoa eskatu zien oraindik Orioko alkatea den Redondok.
Proiektuak eraikinaren kanpoko itxura mantentzen du, halabeharrez, eta barruan pasealeku moduko batekin banatuta eraikin berria egingo litzateke. 4 pisutako eraikin berrian, egoitza, apartamentuak, eguneko zentroa eta hirugarren adinekoentzat behar diren bestelako ekipamenduak egiteko nahia azaldu zuen Redondok.
Eraikina ez litzateke Orioren eskutan geratuko eta enpresa pribatu batek kudeatuko luke egoitza. Horretarako, bide batez, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlana ezinbestekoa dela adierazi zuen Redondok. Hainbat kezka agertu ziren bertan, eta besteak beste, Gaztetxearekin zer gertatuko zen galdetu zitzaion EAJko Orioko buruari.
Printzipioz bere horretan geratuko litzatekeela esan zuen Redondok, baina lanak egitean ikusiko litzatekeela zer gertatuko den, biak elkartuta baitaude.
Hiru ordu laurden inguru iraun zuen ekitaldiak eta kultur etxeko areto nagusiko aulki guztiak bete ziren.