Frontoi berria eta Ardantzabideko 38 etxebizitza babestu eraikitzeko lehiaketa publikoa deitu zuen Udalak duela hilabete pasa. Eskaintzak aurkezteko epea amaituta, Sukia S.A. izan da lehiaketara aurkeztu den bakarra. Baldintza pleguetan eskatzen ziren baldintza eta berme guztiak betetzen dituela baieztatu dute udal teknikariek, eta, gaur goizean Hirigintzako Batzordean gaia aztertu eta gero, asteleheneko udal plenoan bozkatuko da enpresaren eskaintza onartu edo ez. Behin onartuta, kontratua sinatzea izango litzateke hurrengo urratsa. Plenoak ez badu atzera botatzen, "beranduenez jota" irailean martxan izango dira frontoiko lanak, eta "18 hilabeteko epean" amaitu beharko dute.