
Zarauzko Bilduk antolatuta, Euskal Herria: iragana, oraina eta etorkizuna. Etsipenetik itxaropenera hitzaldia eskaini zuen Garaikoetxeak asteazkenean. Ehunka herritar bertaratu ziren.
«Une historiko baten aurrean gaude», dio Carlos Garaikoetxea (Iruñea, 1938) lehendakari ohiak. Zarauzko Bilduren hauteskunde kanpainako lehenengo ekitaldiko protagonista izan da. Hainbat oroitzapen ekarri ditu burura: txikitako bizipenak, Imanol Murua lagun mina, EAren lorpenak…Hamaikabaten transfugismoak sortutako «arazoa» eta hauteskunde kanpaina aurreko komunikabideen eta «alderdi estatalisten joko zikina» ere ez ditu ahaztu. Oroitzapenak oroitzapen, hauteskundeen ostean politikagintzan indar berriak sortuko direla dio.
Zein oroitzapen dituzu Zarauztzez?
Zarautz nire bigarren etxea da; txikitatik etorri izan naiz, eta urte askotan bertan erroldatuta egon naiz. Nire bizitzaren une ederrenak ere bertan bizi izan ditut. Zarautzen etxean bezala sentitzen naiz, noski, eta horregatik, hauteskunde kanpaina Zarautzen hastea ohorea izan da niretzat.
Plaza berezia izan da Zarautz EArentzat.
Lorpen politiko oso onak izan ditu EAk erakundeetan, bai. Zoritxarrez, azken garaiotan transfugismoa jasan dugu, eta oso gauza itsusia izan da. Hala ere, beti esaten dudan moduan, iraganari amorrurik gabe begiratu behar zaio, eta arduradunak egindakoaz jabetuko direla espero dut. Aro berri bat hasi dugu, eta aurrerantzean herri honetan dena bide zuzenetik joango dela uste dut.
Imanol Murua ere berezia izan da zuretzat. Harreman estua zenuen harekin.
Imanol Murua oso lagun mina nuen; pertsona berezia izan da niretzat. Zarautzera etortzen naizenen bakoitzean gogoratzen dut, haren inguruko oroitzapenak eta elkarrekin bizitakoak etortzen zaizkit burura. Beti esan izan dut bera zela alkate prototipoa.
Transfugismoa aipatu duzu. EA eta Hamaikabaten arteko zatiketaren osteko lehenengo hauteskundeak dira maiatzaren 22koak.
Nik uste eszisio hori transfugismo mugatua izan zela. Kargudun batzuk soilik osatzen dute Hamaikabat, eta oso alderdi mugatua da. Hauteskundeetan argituko da haiek eragindako arazoa, ziurrenik.
EAko betiko boto-emaileek nola hartuko dute koalizio berria, zure ustez?
Azken boladan gorabeherak izan dira giro politikoan. Hala ere, itxaropen handiz bozkatuko dutela deritzot. Izan ere, herri honetan aldaketa garrantzitsu bat egon dadin laguntzen ari gara. Duela 50 urte-edo ezarritako helburuak beteko ditugula deritzot: elkarbizitza lortzea, abertzaleen arteko indar sendoa osatzea, eta herritarrek bakea eta bizikidetza beste modu batean ulertzea .
Nola bizi izan dituzu kanpaina hasi aurreko azken egunak?
Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren auziaren harira gertatutakoa izugarria izan da. Espainiako komunikabideek eta alderdi estatalistek, PPk batik bat, izugarrizko presioa egin diete auzitegiei, eta joko zikina beldurgarria izan da. Pasa den asteazkenean, justu Espainiako Auzitegi Konstituzionalak bildu behar zuenean , ETArekin bilkura izan nuela argitaratu zuten. Gezur hutsa zen, joko zikina, makiabelismo zikina. Zoritxarrez, ordea, politikagintzan joko zikin hori jasan behar izaten da, Espainian bereziki. Sarri gertatzen da.
Nola aurreikusten dituzu hauteskundeak?
Uste dut hauteskunde hauetan gauza garrantzitsuak finkatuko direla. Indar eta aldaketa berriak ekarriko ditu mapa politikoan. Gauzak guztiz ezberdinak izango dira hauteskunde ostean. Erakundeak ez dira berriro trukatuko, eta gehiengo artifizial horiek desagertu egingo dira. Horregatik izan da PPren eta PSE-EEren erresistentzia hain gogorra.