Artzapek hamar urte bete ditu, eta horren aitzakitan ospakizun festa egingo dute datorren larunbatean, hilak 14. Goizean ekingo diote jaiari, eta 11:30ean marrazki tailerra egingo dute bertaratzen direnek; ondoren, 13:00etan, plazatik hasita triki-bertso poteoa egingo dute kaleetan zehar, Leire eta Ainhoa bikotearekin.
Eguerdian, berriz, bertso bazkaria egingo dute; Felipe Zelaieta eta Rikardo Gonzalez de Durana bertsolariek girotuko dute saioa orduan. Bertara joateko aldez aurretik eman behar da izena, Harralde, Mahatsi eta Taxko tabernetan, 15 euroren truke. Izena ematen dutenek honako menua izango dute: pasta entsalada, oilaskoa, gazta eta menbriloa eta kafea eta kopa. Horrez gain, bazkarira joaten direnen artean Ezkur Txerrikoen otarra eta Artzapeko elastikoa zozketatuko dute.