Ibai Esoain nagusitu da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako lehen saioan

Urola Kostako Hitza 2011ko mai. 9a, 12:09

Etxean irabazi zuen Ibai Esoain bertsolaria igandeko arratsaldeko saioa. Atzo ekin zitzaion Gipuzkoako Bertsolari Txapelketari, eta oriotarrak hasiera ezin hobea egin zuen lehen itzulian, berak lortu baitzituen puntu gehien arratsaldeko saioan. Goizeko saioan Andoni Otamendi, Andoni Goitia, Arnaitz Lasarte, Josu Oiartzabal Xamoa, Julen Agirreburualde eta Endika Igartzabal igo ziren taula gainera. Goizeko saiora 80 lagun inguru hurbildu ziren, eta ohiko moduan seikoteak agurrarekin hasi zuen saioa. Otamendik saioan zehar izan zuen "erregulartasunak" puntu gehien lortzera eraman zuen; 321 puntu irabazi zituen honek. Arratsaldean izan zuen harrerarik beroena bertso txapelketak; 200 lagun inguru gerturatu ziren ikastolako aretora. Orduan aritu ziren Esoain oriotarra eta Nekane Zinkunegi errezildarra oholtza gainean, Mikel Olaizola, Antton Fernandez, Mikel Artola eta Gorka Azkaraterekin batera. Antolatzaileen esanetan, saio "bizia" egin zuen seikoteak. Kartzelako saioan, esaterako bertso "onak" eta "distiratsuak" entzun ahal izan ziren. Amaieran, oriotarrak 287 puntu lortu zituen, eta Zinkunegi hirugarren postuan geratu zen, 271 puntukin. Lehen fasean, bertsolari bakoitzak bi txandetan abestuko du; esaterako, lehen itzulian goizen abesten dutenek ondoren arratsaldez egingo dute bigarren itzulian. Behin puntuazio orokorra eskuartean izanda osatuko dute bigarren faserako sailkapena.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide