Ibai Esoain garaile Gipuzkoako Txapelketako lehen egunean

Karkara.eus 2011ko maiatzaren 9a

Orion jokatutako bi saioetatik arratsaldekoan nagusitu zen oriotarra

Goiz eta arratsalde izan zen atzo, maiatzaren 8, igandea, Gpuntua –Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa– Orion. Bi saioetan jende ugari bildu zen Ikastolako aretoan, eta antzematen ...

Orion jokatutako bi saioetatik arratsaldekoan nagusitu zen oriotarra

Goiz eta arratsalde izan zen atzo, maiatzaren 8, igandea, Gpuntua –Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa– Orion. Bi saioetan jende ugari bildu zen Ikastolako aretoan, eta antzematen zen txapelketako lehen eguna zela oholtza gainean.

Urduri jardun zuten orokorrean bertsolariek, baina zertzelada politen arrastoak utzi ditu Gpuntuak Orion. Goizeko saioan, Andoni Otamendi lasartearra nagusitu zen. 80 inguru lagun izan ziren eta gustura irten ziren bertatik entzuleak. Otamendik koska bat goitik kantatu zuen, eta horren adierazgarri da bigarrenarekiko 15 puntuko aldea.

Arratsaldean jende gehiago bildu zen, herrikoa tarteko, eta 200 entzule batu ziren Ikastolako aretoan. Erritmo altuan kantatu zuten bertsolariek, eta puntuetan, lehenengo biak, puntu bakarreko aldea izan zuten amaieran. Ibai Esoain nagusitu zen, kartzelako lan aparta egin ostean, 287 puntu batu zituen oriotarrak eta bigarren izan zen Gorka Azkaratek puntu bat gutxiago, 286, pilatu zituen saio bukaeran.

Martxan jarri da Gpuntua, eta datorren larunbatean, maiatzaren 14an, bigarren oriotarra sartuko da eszenan: Egoitz Eizagirre. Mutrikun kantatuko du Eizagirrek.

Bazkaria

Saioaz gain, bazkaria izan zen Balea Elkartean. Gpuntuak goizeko eta arratsaldeko saioak uztartze aldera, elkartetan egingo diren bazkariak antolatu ditu aurtengo ediziorako. 50 lagun izan ziren Balean, Eusko Label kalitate-etiketa duten produktuekin osatutako jakiak jatera.

Errikotxiako kideak ere antolakuntzan laguntzen ibili ziren atzokoan. Beraz, herritarren lanak bere fruituak eman zituen, beste behin, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide