
Euriak busti baditu ere, ez da giro ona falta izan Zumaiako San Telmo jaien errepikapenetan. Festak gogoz agurtzeko asmoz, goizean goizetik herritarrak kalera irten dira, eta giro aparta sortu da jaien azken txanpan.
Olagarroa izan da gaurko protagonista. Hamaika elkartek hartu dute aurtengo Olagarro Zopa lehiaketan, eta horien artean, Manzisidor izan da epaimahaiaren aburuz zopa onena egin duena. Bigarren postuan sailkatu da Taosa elkartea eta hirugarrengoan, berriz, Indamendi. Beheko Plaza elkarteko kideek eta Iñaki Agirrezabalagak banatu dizkiete sariak.
Horretz gain, rana eta pote txapelketetako sari banaketa ere egin dute. Lorenzo Cintero gailendu da rana norgehiagokan; Pelegrin Lopez, berriz, pote txapelketan.
Bazkal orduan dozenaka zumaiar bildu dira Eusebio Gurrutxaga plazan olagarro zopa dastatzera eta Elustondo anai-arrebek jarritako giroaz gozatzera.
Haizetearen ondorioz aldaketak
Bart gaueko haizetearen ondorioz, moilako eskenatokia hondatu dela jakinarazi dute. Hori dela eta, zenbait aldaketa egin dituzte egitarauan. Hala, moilako emanaldia Beheko plazan izango da, eta haurrei zuzendurikko disko jaia, berriz, Kofradian.


