Bospasei urte atzera egin behar da Iñigo Saenz (Zumaia, 1960) lasterka ikusten hasteko. Ekin zion, eta ez du bukatu. Ezta amaitzeko asmorik ere, gainera. Mendiko lasterketa luzeetan ibiltzen da, eta makina bat karrera irabazi ditu bere mailan. Garaipenen altxorra gizentzen jarraitzeko asmoz dabil, eta ez litzateke harritzekoa izango lortzea.
Beti izan da kirolzalea, kirolaria. Lasterka hasi aurretik bizikletan ibiltzen zen, eta horretan ere ibilbide luzeak atsegin zituen. Baina duela bospasei urte korrika egiten zergatik hasi zen azaldu du: «Lesioa izan nuen, eta bizikleta alde batera uztea erabaki nuen. Orduan hasi nintzen korrika». Baina hasi, ez zen mendian hasi, errepidean, baizik: «Herriko krossean atera nintzen. Gustatu eta aurrera jarraitu nuen». Baina azkar igaro zen aldapak igotzera eta larreak ikustera. Kronometroaren esklabotza eman du aldaketaren arrazoitzat: «Ibili eta ibili, erlojuak menderatu ninduen. Beti nenbilen denborari begira, eta horrela ezin nuela segitu erabaki nuen».
Mendira jo zuen. Orain egundoko sona hartu duten lasterketa horiek berriak ziren garai hartan, eta Saenz aitzindarietakoa izan zen. Zumaian, behintzat, bera izan zen aurrenetakoa halako probetan parte hartzen, eta orain, askok jarraitzen diote berak zabaldutako bideari. Lehen lasterketa Pagoetakoa izan zuela gogoratu du. Ez dauka ahazteko, eta ez aurrenekoa izan zelako: «Asko sufritu nuen, baina bukatzeko gai izan nintzen». Hantxe piztu zitzaion harra: «Oso gustura ibili nintzen, gozatu ere egin nuen sufritzeaz gain, eta nire lekua lasterketa horietan zegoela konturatu nintzen».
Harrezkero, kontaezinak diren probetan hartu du parte. Hasten da kontatzen non izan den, eta bere beste zaletasunaren berri ematen du: Bidaiatzea eta leku berriak ezagutzea. «Asko gustatzen zait kanpora joatea, eta lasterketaren aitzakia baliatzen dut horretarako». Izan da Espainiako leku askotan, izan da Herrialde Katalanetan, izan da Frantzian... eta izan da Saharako basamortuan, Sables maratoi ezagunean. «2007an izan zen. Animatu egin nintzen, eta zazpi egunez 250 kilometro inguru egin genituen korrika. Sekulakoa izan zen». Egunero maratoi bat, eta basamortuan. Gogorra izan zela dio, baina berriz joango litzatekeela ez du ezkutatzen. «Lehengo esperientzia lagungarri izango zaidala uste dut. Orduan, aurreneko aldia izatean, pisu gehiegi eraman nuen, kezka izaten duzulako zerbait ez eramatearena. Berriz joaten banaiz askoz pisu gutxiago eramango dut, nahiz eta gauetan hotz handiagoa pasa. Korrika arinago egin ahal izango dut hala».
Hura izango zuen proba gogorrena. Baina askoz samurragoak ez direnetan ere aritzen da. 100 kilometrokoak, 80koak eta halakoak. Euskal Herrian sona hartzen ari den Ehun Miliak izenekoan ere izan zen iaz, baina ezin izan zuen bukatu: «Arantza sartuta daukat», esan du, «30 kilometro bakarrik falta zirela erretiratu egin behar izan nuelako, min hartuta». Baina arantza ez du aurten aterako: «Ez noa, prestaketa mozten didalako beste lasterketa batzuei begira». Beste horien artean da Zegama-Aizkorri mendi maratoia. Horixe du hurrengo erronka, eta maiatzaren 29an, lan ona egin nahi du. Azaldu da berriz kronometroa: «Bost ordutik behera ibili nahi dut. Bost ordu eta minutu batean daukat marka, eta jaitsi nahi dut». Iazkoa baino eguraldi beroagoa eskatzen du: «Hotzarekin ez naiz ondo moldatzen».
Prestatzailearekin, lehenez
Buru-belarri ari da Aizkorrikoa prestatzen, eta aurreko urteekin alderatuz, beste batek prestatzen dizkio entrenamenduak. Orain arte bera zen bere prestatzailea, baina aurten ez. Igor Sedanorekin dabil, Didier Zago korrikalariaren prestatzailearekin: «Lasterketa batean hitz egin nuen berarekin, eta harreman horretan sortu zen niri laguntzeko aukera. Oso gustura ari naiz». Hobekuntza egin duela azadu du: «Nire muga gorago dago orain, eta ahalegin handiagoak egin ditzaket».
Hain lasterketa luzeak hizpide direnean, beti azaltzen da burua, lan psikologikoa. Saenzek berak atera du gaia: «Burua da garrantzitsuena. Gorputzak beti ematen du zerbait. Uste duzuenean gehiago ez dizula emango, eman egiten dizu. Horregatik, burua da zaindu beharrekoa, buruak indartsu egon behar du». Beharko egon. Izan ere, lasterketa luzeak izanik, entrenamenduek ere halakoak izan behar dute: «Atzo 44 kilometrokoa egin nuen». Baina asko gustatzen zaio entrenatzea: «Lasterketetan ibiltzea baino gehiago. Gozatu egiten dut entrenatzen». Bere buruari karrera baten irteeran dagoenean esaten dionak ederki azaltzen du hori: «Esaten diot ‘hik zer arraio egiten duk hemen!’, baina lasterketa hasi orduko joaten zait burutazio hori».
Mendian, galduezin
Entrenatzen gozatzeko moduko parajeetan ibiltzen da. Azken batean, mendiko lasterketek hori daukate erakargarri, sekulako leku ikusgarrietan egiten direla. Saenzek leku askotan egiten ditu entrenamenduak, eta ondo baino hobeto ezagutzen ditu inguruko mendi bideak eta bazterrak: «Zumaiatik Arantzazura ez nintzateke galduko. Ermua arteko bidea ere egin izan dut, Elgoibar aldera ere iritsi naiz, eta beste hainbat bide ezagutzen dut». Mendian hasi zenean ez bezala, orain aldatu egiten ditu entrenatzeko lekuak. Bide berriak arakatze horretan, badu bat begiz jota: «Zumaiatik Bilbora joan nahi dut korrika. Baina ez da erraza bidea egitea, eta aurreneko lana hori da. Ea egunen batean lortzen dudan».
Hamar hilabete irauten dio denboraldiak, bazterrak ezagutzeko astia badu: «Urtarriletik urrirakoa da nire denboraldia». Baina urritik urtarrilera bitartean ez pentsa geldirik egoten denik: «Korrika egiten segitzen dut, baina lasaiago». Astegunetan ibili ohi da, eta asteburuetan jai orohar. Urtean zehar zenbat kilometro egiten dituen ez dauka kontatua, baina bota du gutxi gorabeherako datua: «3.000 bat kilometro, lasterketak eta entrenamenduak kontatuz».
Bada zerbait, eta bere ibiliari neurria emateko, etxekoen aldartea gogora ekartzea besterik ez dago. Emazteak eta bi alabek asko laguntzen diote, baina alabek esaten diotenak azaltzen du gauza handiak egiten dituela aitak: «Erotuta nagoela esaten didate». Orain ohitu samarrak daudela dio. Hasieran, beste kontu batzuk entzuten omen zituen: «Alferrik jardutea zen, oso garbi bainuen zer nahi nuen. Orain ere kezkatzen da familia osoa, ez etxekoak bakarrik, lasterketa luze-luze batera noanean».
lasterketa
Saenzek korrika egiteko zaletasuna besteei zabaldu die. Hona hemen horren adierazle bat: Zumaiako Flysch Trail Lasterketako antolatzailea da. Ideia bera izan zuena ere bai. Duela hiru urte jokatu zuten aurrenekoa, 2009an, eta probaren sorburua Saenzen entrenamenduetan dago: «Hasi nintzenean, Deba aldera joaten nintzen beti entrenatzera, Sakonetatik eta hortik. Oso goiz ibiltzen nintzen, eta itsasoak Sakonetan nola jotzen duen ikusten nuen. Pentsatu nuen leku paregabea dela lasterketa egiteko, eta hor hasi zen dena».
Hiru lagunekin hitz egin zuen, eta hiruren artean antolatzen dute: «Txiki, Bosko eta Fran aritzen dira, nirekin batera. Bakoitzak bere lanak dauzka, eta ondo moldatzen gara». Hirugarren edizioa uztailaren 10ean jokatuko da: «Euskal Herriko kluben arteko txapelketa ere izango da», azaldu du Saenzek, eta ondorioz luzatu egin dute ibilbidea: «30,5 kilometrokoa izango da, eta sufritu beharko dute parte-hartzaileek».
Berak badaki zerbait sufrimenduaz. Baina gozatu egiten du. Gustura ibiltzen da. Zenbat eta gogorrago, orduan eta erosoago. Horretarako prestatzen da, eta prestatzen segitzeko asmoz da: «Ez dut utziko. 60 eta gehiago urtekoak hor dabiltza eta!». Ez duela utziko ziur du, baina badaki, halaber, egunen batean beste filosofia batekin atera beharko duela lasterketetan: «Parte hartzera eta bukatzera». Orduan ere esango diote alabek: «Aita, erotuta zaude». Baina alferrik.