Iaz laburmetraia batean hartu zuen parte Kontxu Odriozola (Azpeitia, 1945) aktoreak, baina gainerakoan bizpahiru urte zeramatzan erretiratuta. Askorentzat Goenkale telesaileko Maria Luisa bezala ezagunagoa den aktorea pantaila handian ikusteko aukera izango da berriz ere, Telmo Esnal zine zuzendari zarauztarraren esanetara Eguberrion, amona! filmean hartu baitu parte oraintsu.
Aste Santuen aurreko astean amaitu zenuten filmaketa. Zer konta dezakezu?
Ez dut protagonistaren papera filmean. Hala ere, gustura hartu dut lana. Telmo Esnalek duela denbora dezente hitz egin zidan aurrenekoz proiektu honetaz. Memento gogorrak ere pasatu ditut tartean, eta hasiera batean ez neukan ezer egiteko gogo handirik. Hala ere, proiektu hori ikustean animatu egin nintzen. Aktoreok denok elkar ezagutzen genuen eta familia bat sortu zuen Telmok; oso gustura, oso ondo moldatu gara.
Emaitzarekin ere gustura?
Filmak zeresana eta zer pentsatua emango duela uste dut. Adinekoekin zer egin planteatzen du filmak. Beste herrialde askotan bezala, arazo handia dugu arlo horretan. Garai batean etxekoek laguntzen zieten beti adinekoei; hori aldatu egin da eta zer pentsatua ematen dizu horrek.
Nola baloratzen duzu aktore bezala bertan egin duzun lana?
Lan polita egin genuela uste dut. Baina hori zuzendariak esan beharrekoa da. Nire kezka osoa, eta aktore ororena, zen ea zuzendariak nahi zuena egiten ote genuen.
Eskualdeko aktore askok hartu du parte filmean. Telmo Esnal zuzendaria eta zeu ez zarete inguruko bakarrak izan.
Ez, bertan izan dira besteak beste Pedro Otaegi [Azpeitia], Iñake Irastorza [Orio], Nagore Aranburu [Azpeitia]... Oso giro ona egon da grabaketetan.
Gogoko al duzu zinea egitea?
Bai, gustura aritu naiz. Gainera, zinema gauza handi baten moduan daukagu. Aktore guztion ametsa da, baina oso zaila da arlo horretan norbait izatera iristea. Hemen produkziorik ere ez denez egiten, horretxen zain egoten gara guztiok. Gustura sentitu naiz benetan eman didaten aukera honekin. Oso giro ona egon da eta, ahal den neurrian, gauzak mimoz egin dira, eta aldea egiten du horrek ere.
Denok elkar ezagutzen zenutela esan duzu; inguruko jende asko izan duzu. Hala ere, filmeko protagonista kataluniarra da.
Bai. Sekulako aktorea da Montserrat Carulla. Oso ezaguna da Katalunia aldean, eta sekulako lezioa eman zigun. Oso profesionala da, eta 82 urte inguru izango ditu. Bizi osoan egin ditu aktore lanak, eta uste dut Telmok garbi zuela hura jarriko zuela lan horretan. Filmean hitz gutxi batzuk baino ez ditu egin behar Carullak, eta horregatik ez da arazorik egon pelikula osorik euskaraz filmatzeko.
Iazko udan Amona putz laburmetraian hartu zenuen parte, hura ere Telmo Esnalen zuzendaritzapean. Baina bestelakoan hiruzpalau urte zeneramatzan erretiratuta.
Bai, azken urtean Goenkale-n aritzeaz gain Campingas produktorarekin antzerki lan batekin aritu nintzen, eta gero erretiratu egin nintzen.
Beti esan izan duzu aukera onak iritsiz gero beti jarraituko zenuela lanean; aukera ona izan da hau, beraz.
Osasuna izan eta burua ondo eduki bitartean bai, noski. Goxokitxoa izan da lan hau niretzat. Eta uste dut aktore bat ez dela erretiratzen inoiz. Montserrat Carulla bera ikustekoa zen lanean. Inbidia ematen zidan. Antzerki munduaz galdetuko bazenit, hori beste kontu bat da. Aktore batek arlo guztietan egin nahi izaten du lan, baina herri honetan oso gogorra da antzerkia egitea, adibidez. Neguan frontoietara joaten zarenean, aldatzeko tokirik gabe eta korrika eta presaka ibili behar denean. Nik horrelakoak jada ez ditut egin nahi, baldintzengatik. Baldintzek huts egiten dute; horiek hobetzen joan beharrean, okertzen ari dira. Pena da.
Lan gutxi dagoela esaten duzue aktoreok.
Hori da okerrena. Ni baino aktore askoz gazteagoak lanik gabe ikusten ditut, eta pena ematen didate. Tristea da. Antzerkiak egiteko eskabideak udaletan eta halakoetan bakarrik izaten dira, eta horietan diru murrizketak egon direnez, ez dago eskaerarik. Memento honetan obra dezente egongo da taularatzeko prest, baina eskaerarik ez badago, ez dago lanik. Hemendik bizi nahi izatea, eta horretarako aukera izatea, izugarria da. Lan hau ofiziotzat hartuz gero, nik ez dut esaten aberastasunean bizitzeko adina irabazi behar litzatekeenik, baina justu-justu bizitzeko lain ematea ondo legoke.
Duela urte batzuk elkarrizketa batean esan zenuen euskal labeldun zinerik ez zegoela. Hala pentsatzen al duzu orain ere?
Eguberri on, amona! bada euskal zinema, adibidez. Baina euskal zinema zer den eta zer ez, eztabaida handia dago hor. Nik argi dut: Zuk zine frantsesa ikusten duzunean, identifikatu egiten duzu; desberdina delako. Euskal zinemak ere bere zigilua baduela uste dut. Zer izango litzatekeen? Bada, geure hizkuntzan filmatzea, batik bat hemengo jendearekin kontatzea eta hemengo arazoez hitz egitea; hemengo arazoak, unibertsalak direnak. Hemen baditugu teknikoak, baditugu aktoreak, musikariak ere zoragarriak ditugu...
Kanpotik begiratuta, zuk aipatutako ezaugarriak dituen film kopuruak azken urteetan gora egin duela dirudi...
Hala da, bai. Baina oso gutxi egiten da, nire ustez. Hain txikiak gara... produktoreek esaten dute ez dagoela merkaturik saltzeko; arazoa hori da, produktua saltzea. Askotan, egitea baino zailagoa bigarren hori dela uste dut.
Beste proiekturik ba al duzu eskuartean?
Ez. Gauza txiki batzuk iritsi zaizkit, baina orain lasai ibili nahi dut, uda dator eta gozatu egin nahi dut. Bidaiatxo bat egingo dut aurrena; udan bilobekin ibili nahi dut, Donostian bertan gelditzen naiz uda pasatzen. Udazkenean beste bidaiatxo bat egingo dut eta, bitartean, zerbait interesgarria suertatzen bada hartu egingo dut, bestela ez da ezer gertatzen. Nik jada ez daukat zer sufriturik ez badut lanik; nahiago nuke nire inguruko jende askok balu, egia esanda. Hala ere, ez dut ezer baztertzen.
Telebista ere ez?
Begira, askok esaten didate ea ez al dudan itzuli behar, baina eskaerarik ez dut izan. Jendea asko gogoratzen da oraindik nirekin. Eta grazia ematen dit, nik beti esaten nielako telebistan nirekin aritzen ziren gazteei, sinesteko telebistatik desagertzean inor ez zela gutaz oroituko. Bizitza osoan hori esaten jardun, eta neuri sekulako kakatzarra ematen didate kalean. Pena da, adinekoek telebista asko ikusten duten arren gure adinekorik ez delako ari lanean telebistan. Euskal Herrian egiten ari diren telesailetan, gutxiago oraindik. Gauza politak egin litezke, baina zer egingo diogu, bada. Dena gazteei zuzenduta dago; izango du helbururen bat, nik zein den jakin ez arren.
Zuk ez zenuen nahi Maria Luisaren etiketarekin gelditu; atzean uztea lortu al duzu Goenkaleko pertsonaia hori?
Ez, hori kentzerik ez daukat, ez jendea gogoratzen den bitartean. Jende askorentzat Maria Luisa naiz. Atzo kafetegi batean nengoela, zerbitzariak esan zidan zeinen desberdina nintzen telebistatik, eta iluntzean amari kontatzen zionean ez ziola sinestuko... nik esan nion, ea telebistan nintzen bezalakoa izatea espero al zuen, bada; ez nintzela halako munstroa.
Horrek esan nahiko du zure pertsonaia oso sinesgarria bihurtzea lortu zenuela.
Bazituen gauza onak ere. Jendearen aurrean otso bat bezalakoa zen Maria Luisa, baina bakarrik gelditzen zenean, loreekin hitz egiten zuenean, estuasuneko egoerak bizi zituela argi zegoen; bere alderdi ahulenak agertzen ziren, eta jendeak ulertu egiten zuen memento horietan.
Zuk umore arloa gehiago landu nahiko zenukeela esana duzu.
Bai, barre eginarazteko lanak oso gustura egingo nituzke; nahikorik ez dut egin. Eta berez zailagoa da umorea egitea, gidoi onak egitea oso zaila delako.
Pako Aristik zure biografia bildu zuen liburu batean. Bertan Mikel Garmendia zenak zure profesionaltasuna nabarmentzen zuen, eta Roberto Herrereo zine kritikariak zioen ez zizutela eman behar adina aukerarik aktore gisara daukazuna erakusteko. Orain arte egindako ibilbidea nola baloratuko zenuke?
Aukera gutxiegi izatearena askori gertatzen zaigun kontua da; zuk lan gehiago egin nahi duzu, baina aukerarik ez zaizu agertzen. Denok nahi izaten dugu paper desberdinak jorratzea eta lanik ez faltatzea. Niri behin bateren batek galdetu zidan ea gelditu al zitzaidan gustura egingo nukeen rol edo paperik. Ba al dakizu zer erantzun nion? Bada, lehengo garaietako jantziarekin, epoca-koekin, ez dudala egin inoiz ezer. Sekulako pena ematen dit horrek! Horretxen inbidiarekin utzi diot lanari. Baina, zer egingo diogu bada, dena ezin da.
Madril aldera joatea ez al zegoen zure ametsen artean?
Esan izan didate ea zergatik gaztetan ez nintzen hara joan, baina nik ez neukan amets hori. Gustuko nituen zinema, antzerkia, irratia... baina sekula ez nuen neure burua hemendik kanpo ikusi. Ni azpeitiarra nintzen, hantxe bizi nintzen, hantxe nuen lana, baita mutil laguna ere...bizitza honetan guztia ez dago edukitzerik. Nik uste dut balantzea egin eta nahikoa ondo moldatu naizela. Umeak hazi, eta gizon zoragarria tokatu zitzaidalako, nik nahi nuen lanean aritu. Eta lan faltarik ez izan, gainera.
Hori ba al dakizu zer den?...
Izan zenuen zortearen inguruko istorioren bat ba omen duzu.
Gogoan dut behin Azucar Morenoko ahizpekin egin nuela topo Miramongo estudioetan. Non lan egiten nuen galdetu zidaten, eta hantxe, esan nien, eta nongoa nintzen, eta hemengotxea. Hori sekulako zortea zela esan zidaten, nahi nuen tokian bizi eta lana ere bertan nuelako. Arrazoia zutela uste dut.
Ametsaren atzetik, ausart
Goenkaleko Maria Luisa Galardi bezala ezagutu dute euskaldun askok Kontxu Odriozola aktore azpeitiarra. ETB 1eko telesail luze eta ezaguneneko protagonista izan zen ia bi hamarkadaz, eta paper horretxekin hartu zuen erretiroa orain hiruzpalau urte. Bere aktore ibilbideari erreparatuz gero, ordea, begirada askoz atzerago bota behar da.
Izan ere, txikitandik sentitu izan du barru-barruan artearen indarra. Abestea, antzeztea, imitazioak egitea, irakurtzea... mundu errealetik aterako zuen edozerk liluratu izan du eta garbi gelditu da bere bizitzan zehar. Profesionalki irakasle gisara hasi eta hamazazpi urtez ikastoletan lanean aritu zen arren, aukera izan zuenean ez zuen dudarik egin. Eta ez dirudi erraza izan behar zuenik hartu zuen bidea hartzea: 1980eko hamarkada hasieran, 36 urterekin, hiru haur txikirekin, irakasle lana eta soldata utzi eta antzerki eskolan eman zuen izena. Bere senarra zen Imanol Zinkunegiren babesarekin.
Hiru urte igaro zituen EAEko lehen antzerki eskolan; bertan ezagutu zituen gerora agertokietan askotan elkarrekin ariko zen hainbat lagun: Mikel Garmendia zena, Elena Irureta eta Arantxa Gurmendi, besteak beste.
Ikasketak amaitu eta ordutik antzerkian (Ama begira zazu, Ezetz lepoa jarri, Aspirina para dos...), zineman (Hamaseigarrenean aidanez, Karlistadaren kronika 1872-1876...) nahiz telebistan (Goenkale, Flamingo Berria, Bai Horixe...) ikusi ahal izan dute herritarrek.
Lana, izan edo sortu
Behin ere lan faltarik ez duela izan eta zorte handia izan duela uste du Odriozolak. Hala ere, lan faltan zen uneetako batean sortu zuen askorentzat inoizko euskal antzerki lan arrakastatsuena izan dena: Ama begira zazu antzezlana, hain zuzen ere. Elena Irureta aktore zumaiarrarekin batera hasi zen lantzen umorezko antzerki obra bat 1986 inguruan, eta hala jaio zen antzezlana. 22 pertsonaia sortu zituzten, eta Euskal Herri osoa pasa zuten. 200 emanaldi urtebetean. «Herri txiki askotara iritsi ginen, behin ere antzerkirik ikusi ez zuten lekuetara, egiteko lokalik ere ez zeukaten lekuetara». Hala kontatu zion Odriozolak Pako Aristiri, eta hala jaso zuen honek Kontxu Odriozola izeneko biografia liburuan (Azpeitiko Udala, 2002).
Ameslaria, bidaiari amorratua, bere lanean profesional osoa, bilobetaz harrotasunez hitz egiten duen amona, eta lagunen laguna; lagun artean aritzearen zalea. Hori guztia eta gehiago da bizitza guztiz antolatuta izan arren, ametsaren atzetik hari 360 graduko bira emateko ausardia izan zuen emakumea.
Di-da
Ama begira zazu. Izugarria izan zen, maitagarria. Ahaztezina. Asmatu egin genuen, eta beste askori bidea irekitzeko balio izan zuela uste dut.
Irudimena. Denborarekin gutxitzen joan zait, baina irudimen handikoa izan naiz, eta behar-beharrezkoa da bizitzeko. Umeei sustatu egin behar zaie, denek sustatu behar dute, bestela ez dagoelako bizitzerik; askotan errealitatea oso gogorra da.
Azpeitia. Ai! Nire kuttuna. Donostiarrentzat ni azpeitiar peto-petoa naiz eta hemen esaten didate ondo azpeitiarra naizela. Hezurretaraino sartuta daukat nik Azpeitia.
Antzerti antzerki eskola. Momentu batean bide bat aukeratu behar nuen; irakaskuntzan jarraitu ala Antzertin sartu. Bigarrena hautatu nuen, eta niretzat hiru urte oso onak izan ziren, gauza asko ikasi nuen. Eta ez naiz damutu, noski.
Imanol Zinkunegi (senarra). Bera hil zenean nire parte handi bat jada hil zen, baina nolabait esateko, berak erakutsi zidan nola bizi behar den. Nire lagunik handiena zen, eta hark bezala inork sekula ez ninduen ulertu. Ea non aurkitzen zenuen horrelako gizon bat; adin harekin, hiru haur txikirekin eta ni antzerki eskolan. Oraindik ere nirekin dago Imanol.
Amets bat. Osasuna eskatuko nuke; ez gaixotzea eta inori latarik ez ematea. Urte hauek ahal den ondoena pasatzea.
Damuren bat. Damurik ez da izan behar. Pasa dena pasatu da. Beti aurrera begiratu behar da.
Duintasuna. Ez da esplikatzeko erraza. Baina behar da. Behar da bizitzeko. Zuk zure burua baloratu egin behar duzu. Lanean zapalduta sentitu izan garenetan, beti e
san diet besteei ez sinesteko gero, aktoreok ez dugula ezertarako balio esaten dutenean. Duintasuna eduki behar dugu gure lanean, eta erakutsi hitzekoak garela eta zintzoak garela lanean. Nik uste dut hori baino duinagorik izaterik ez dagoela. Zuk erakusten baduzu profesional ona zarela eta ez zarela ari besteei oztopatzen... geure burua aintzakotzat hartu behar dugu aurrena; horrekin etortzen da duintasuna, bestela ez.