Zarauzko Udalak ibilgailuak bide publikoan saltzea, alokatzea edota erakustea galaraztea onartu du. Udalerrian mugikortasuna bermatzearren eta oinezkoen eta gidarien arteko bizikidetza segurtatzeko, bi ordenantza aldatu ditu Udalbatzak. Ildo horretatik, Gurmendi eta Maria Etxetxiki kaleak oinezkoen erabilerarako soilik direla zehaztu du. Horrez gain, ezintasun fisikoa duten herritarrentzat gordetako lekuetan ibilgailua uzteko denbora 48 ordutara mugatzea erabaki du, zenbait autok eragiten zuten arazoa konpontze aldera. Gainera, motorrak espaloitan aparkatzea baimenduko dute aurrerantzean, betiere pertsonen joan etorria eta etxeetarako sarbidea eragozten ez badute.