ELKARRIZKETA DIGITALAK. Hamaikabat alderdiko Zestoako zerrendaburua da Juana Mari Astigarraga, eta Azpeitiko erredakzioan izan da, irakurleen galderak zuzenean erantzuten. Hona emaitza:
-Alkatetza ateraz gero, UEMA n jarraitzeko apustua egingo al duzue? (EHE)
Zestoako Udala, UEMAn egotea ala ez, udal gehiengoaren erabakia da. Dena den, guk alkatetza izanez gero eta orain arte egin dugun bezala udalak UEMAn jarraitzeko apustua egingo genuke.
-Zer lehentasun dituzue herrirako? eta auzoetarako? (anonimoa)
Gure ustez, gaur egun lehentasun garrantzitsuena enplegua sustatzea da. Azkeneko datuen arabera, Zestoan 185 pertsona ditugu langabezian. Udalak agente aktibo bat izan behar du lanaren sorkuntzan. Honek inplikatzen du lan egitea ez soilik enpresekin, baita merkatari, turismo arloko agente edota baserritarrekin ere.
Bestalde, etorkizunari begira eta hirigintza ikuspegitik, Zestoako herria nolakoa nahi dugun erabakitzeko momentuan gaude . Gure herria diseinatzeko momentuan. Arau subsidiarioak definitzeko momentuan. Badakigu eskakizun ugari daudela (haurreskola eta eskola handitu, bide gorriak, kafe-antzokia, igerilekua…) eta garai hauetan denei ezin zaie erantzun, errekurtsoak mugatuak baitira. Gure ustez, denon artean finkatu behar ditugu lehentasunak eta erabaki zer nolako herria nahi dugun. Horretarako herri partaidetza prozesu bat bultzatu nahi dugu. Dena den, guk zerbaitenganako apustu garbia egiten badugu, alokairuko etxebizitza sozialaren aldeko apustua da.
Azkenik, ezin ahaztu krisi garai honetan behar gehienak dituzten pertsonak. Honek gizarte politikekiko apustua eskatzen du. Kontuan izan behar dugu gutako edonor izan gaiezkeela gizarte zerbitzuen onuradun noiz edo noiz.
Auzoeri buruz esan, herriaz ari garen guztietan, kaskoa eta auzoetaz ari garela. Den den, guztiz beharrezkoa ikusten dugu auzoak dinamizatuko dituen batzorde bat osatzea, bertan udala eta auzoetako ordezkariak izango dielarik, eta bertan, beraien eskariak zuzenean azaltzeko aukerak izango dituztelarik (elkarguneak, garraio-publikoa, baserri bideak, garbitasuna, ekipamendu ezberdinak…)
-Maiatzaren 22an zenbat zinegotzi lortzea espero duzue? (herritarra)
Gaur egun politikagintzan gune bat izatea ez da erraza, oraindik eta gutxiago alderdi berri bat bazara, nahiz eta esperientziadun pertsonek osatu. Baina Hamaikabatek badu zer esanik, pertsonengan oinarritutako proiektu bat du eta poloetaz aspertuta dagoen jendea erakarri nahi du. Badakigu ez dugula irabaziko, baina ala eta guztiz ere erbakiorrak izango gerala pentsatzen dugu.
-Gobernuan egongo bazinate, zer jarrera izango zenukete zaborren kudeaketarekin? Erraustegi planta ala atez atekoa? Ala beste alternatibaren bat akaso? (Maite)
Aurrenik esan Zestoan egin zen galdeketan, herriak erabaki zuela erraustegirk ez duela nahi, eta guk hori errespetatzen dugu.
Bestalde, gure apustua 5. edukiontziaren aldekoa da (organikoa). Pentsatzen dugu sentsibilizazioa eta zergetan hobariak direla bidea zaborren kudeaketan. Zenbat eta gehiago birziklatu, zerga gutxiago ordaindu.
Dena den pentsatzen joan beharko dugu birziklatu ezin daitekeenarekin zer egingo dugun. Nora botako ditugu zaborrak?
-Zerk desberdintzen ditu EA eta Hamaikabat? (zestuarra)
Esan dezakegu Hamaikabat dela orain dela urte batzuk EA zena, hau da alderdi abertzalea eta sozialdemokrata. EA-k egin du bira, EA mugitu da zegoen tokitik eta EA-k ditu bidelagun berriak.
-Negoziatzeko prest al zaudete beste alderdiekin? Zeinekin? Zein dira gutxieneko baldintzak, baldin badaude? (ni)
Bai noski, gaur egun Hamaikabat osatzen dugunok, besteetan egin dugun bezala, beti gaude beste alderdi guztiekin hitz egiteko prest. Akordiotara iristeko herrirako funtsezkoak ulertzen ditugun proiektuekiko adostasuna litzateke baldintza garrantzitsuena.
Azkenik, eskerrak eman nahi dizkizuet galdera hauen bitartez zuen interesa azaldu duzuen guztiei. Espero dezagun datozen egunotan iritsiko zaizuen programa gustokoa izatea eta ala bada, gugan konfidantza ipintzea datorren Maiatzak 22an. Eskerrik asko!