Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Errenta aitorpena ahalik eta herritar gehienek euskaraz egin dezaten kanpaina jarri dute martxan Orio, Zarautz eta Zumaiako Udalek eta Urola Kostako Udal Elkarteak. Herritarrak kanpainaren inguruko informazioa jasotzeko herriko txoko desberdinetan esku-orriak, kartelak edota mahai-gainekoak banatu dituzte.
Aitorpena euskaraz egiteko lau aukera dituzte herritarrek; batetik autolikidazio proposamena egin dezakete; horrez gain, bide mekanizatua edota telematikoa erabili daiteke, aholkularitza zerbitzura edo artekaritzara joanda. Azkenik, Internet bidez bakoitzak bere erara egin dezake.
Iazko datuei dagokienez, Zumaiako biztaleriaren %15,75ak aurreko urtean errenta aitorpena euskaraz egin zuen; Orion, berriz, %11, eta Zarautzen %11,15ak. Zumaiako Udalak aurreko urteetan ere jarri izan ohi du abian euskaraz egiteko egitasmoa, eta aurten lehenengo aldiz beste bi herriak ere batu dira kanpainara.
Errenta aitorpena euskaraz zein lekutan egin daitekeen edota bestelako informazioa Urola Kostako Udal Elkarteko atarian (www.urolakosta.org) aurkitu daiteke.