Zurekin Ostalarien elkarteak antolatutako Udaberri Fest jaialdiaren baitan, Gatibu, Berri Txarrak, Esne Beltza, Mantisa, Intro eta Skasti taldeek kontzertua eskainiko dute etzi, San Pelaion. Bihar, berriz, Anje Duhalde eta Txomin Artola bakarlariak izango dira taula gainean.
Horren harira, Gatibu taldeko abeslari Alex Sarduiri (Gernika, 1966) elkarrizketa egin dio UROLA KOSTAKO HITZAk. Biharko alean irakurri ahalko da elkarrizketa osoa.
Horretaz gain, kontzertuetarako sarrerak oraindik salgai daudela jakinarazi dute Zurekin elkarteko kideek. Hala, Txomin Artola eta Anje Duhalderen emanaldira joan nahi duenak Euromar, Eguzki eta Ximut tabernetan erosi beharko ditu aurrez, 10 euroan. Egunean bertan lehiatilan erosi daitezke txartelak, bakoitza 13 euroan.
Larunbateko jaialdirako sarrerak, berriz, Eguzki, Txiki Polit eta Ximut tabernetan daude salgai. Aldez aurretik erosten dutenek 15 euro ordaindu beharko dute sarrerako; lehiatilan, berriz, 20 euroko kostua izango du sarrera bakoitzak.
