Santelmoen eztandaren ostean, indarrak berreskuratu eta bihar ekingo diete zumaiarrek herriko festa esanguratsuenen errepikapenei. Urtero legez, ez da faltako festarako gogoa eta giro ona. Bihar, herriko bertsolarien eskutik, Bertsotan jai ekitaldiaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek. Etzi, bela estropada saioaren ostean, Olagarro Zopa lehiaketa egingo dute herriko elkarteetako kideek. Herri bazkarian elkartuko dira zumaiar gazteak eguerdi partean. Gauean, kontzertu sorta zabala izango da txosnetan. Era berean, Kofradian Xaibor DJak disko festa eskainiko du.
Olagarro zopa eta talo jana
Igandean, azken egunean, bela estropaden bigarren txanda jokatuko dute, 11:00etatik 17:00etara. Eguerdian, berriz, zaldi lasterketa izango da Itzurun hondartzan. Aurrez, Erkibe Kultur Elkartearen eskutik olagarro zopa dastatu ahal izango dute herritarrek, Eusebio Gurrutxaga plazan. Arratsaldean, talo jana egingo dute. Txiparta taldeak girotuko du.
Gauerdian, erromeriaren ostean, festen bigarren saioari agur esango diete herritarrek, bandera jaistean.
San Telmo Trainerilla Saria
Ohitura bilakatu da santelmoetan trainerilla estropada jokatzea, eta aurten ere hitzordua daukate arraunzaleek, Zumaiako Arraun Elkarteak antolatuta. Eta ez nolanahikoa. Izan ere, etzi, TKE Ligako Euskal Herriko klubak lehiatuko dira Urola ibaian. 18:30ean hasita, zortzi ontzi izango dira uretan: Urdaibai, Kaiku, Hondarribia, San Juan, San Pedro, Orio, Zumaia A eta Zumaia B.
Euskadiko Txapelketaren aurrerapena dela esan daiteke, zortzi horietako asko izango direlako lehiaketa horretan. Lau txandatan banatuko dituzte: Urdaibaik Hondarribia izango du aurkari, Oriok San Pedro, San Juanek Zumaia B, eta Kaikuk Zumaia A. Txandak zein ordenatan aterako diren eta ontzi bakoitzak zein kale izango duen estropadaren aurretik zozkatuko dira.
Lehia berdindua izango dela aurreikusten da. Edonor izan daiteke garailea. Oso tarte txikian ibiliko dira ontziak. Bizkaiko bi ordezkariak, Urdaibai eta Kaiku, oso indartsuak dira, eta haien artean dagoen afera pizgarri izango da batak besteari irabazteko. Duela aste pare bat, Urdaibai izan zen onena Euskadiko Batel Txapelketan, baina segundoa ere ez zion atera Kaikuri. Gipuzkoarrak ere sendo dabiltza; batez ere, Hondarribia eta San Juan. Herrialdeko trainerilla Ligan bien artean banatu dituzte orain arteko garaipenak. Baina San Pedro ez dabil urruti, eta Zumaiak ere erakutsi izan du baduela gaia onenen artean ibiltzeko. Zumaia B, gainera, nagusi da Federazio Kopan, parte hartu duen estropada guztietan garaile izan delako. Orio ere gorantz doa, eta aurreko igandean, asko gerturatu zitzaien Hondarribiari eta San Juani.
Asteburu bete-betea izango dute arraunlariek. Larunbat arratsaldean eta igande goizean, herrialdeetako ligetako estropadak jokatuko dituzte –bizkaitarrek Ondarroan, eta gipuzkoarrek Hondarribian eta Pasai San Pedron–, eta etzi arratsaldean Zumaiako estropada. Pentsa daiteke igande arratsalderako azken indar aleekin iritsiko direla arraunlariak, baina horrek ez du eraginik izango lehiaren ikusgarritasunean. Ikusirik TKE Ligako ontziak direla denak, aparteko gogoa izango dute elkarri gailentzeko. Oso maila altuko estropada da, eta arraunlariarentzat pizgarria izango da maila ona ematea. Arraunaren festa handia aurreikusten da etzi.
Ekimen gehiago zaleentzat
Estropada ikusteaz gain, zaleek beste aukera batzuk ere izango dituzte. Arraun Elkarteak, urtero bezala, San Telmo zozketa antolatu du, eta zenbakiak saltzen ibiliko dira Elkarteko kideak. Endañeta dendarekin elkarlanean osatu dute saria, eta zozketako garaileari hainbat produktu egokituko zaizkio. Hori gutxi ez, eta Hiru Ezkur dendak ere osatu egin du otarra, salgai izaten dituen hainbat jakirekin.
Horretaz gain, arraun zaleak Ttaup,Ttaup DVDa eskuratzeko aukera ere izango du. Eneko Dorronsoro zumaiarrak egindako dokumentala da, eta bertan Zumaiako arraunlariek 2007ko denboraldia nola osatu zuten kontatzen du, hasi denboraldi-aurretik eta azkeneko estropadara arte. Iazko Donostiako Zinema Jaialdian aurkeztu zuen, eta arrakasta handia izaten ari da.