Jai giroz jantziko da asteburuan Aizarnazabal, Mikel Txiki Eguna ospatuko baitute herritarrek igande honetan. Herriko txikiak izango dira, batez ere, festako protagonista. Haientzako prestatu dituzte egitarauko ekimen gehienak.
Herri eskolan festa, bihar, ostirala
Mikel Txiki Eguna igandean izango denez, bihar, ostirala festa izango dute Basakaitz Herri Ikastetxean. Lehen Hezkuntzako haurrek goiz eta arratsaldez askotariko jolasak egingo dituzte, Arroa Beheko eskolako haurrekin batera.
Goizean mahai-jokoak, frontoiko jolasak eta herri kirol jolasak egingo dituzte. Arratsaldean,
berriz, jolas kooperatiboak landuko dituzte hiru gunetan. 16:00etan merienda izango da denentzat.
Igandean, egun osoko festa
Igande goizean 10:00etan, umeen eskolarteko finalak jokatuko dituzte. Esku-pilota eta pala finalez gain, xake eta dama-joko finalak ere jokatuko dituzte haurrek. 11:00etan, berriz, meza nagusia izango da parrokian.
Puzgarriak ipiniko dituzte, bestetik, haurrentzako Atari Soro plazan. Eguerdian 12:00etatik 14:00etara izango dira, eta arratsaldez 15:00etatik 18:00etara bitartean.
Ondoren, haurrentzako magia saioa eskainiko du Angel Magoak. Arratsaldeko azken orduan eta gauean zehar, Kupela taldekoak izango dira herria girotuko dutenak.
Iazkoekin alderatuta, ezberdinak izango dira festak: Iaz gazteek antolatu zuten makarroi janik ez da egongo aurten, ezta txosnarik ere. Iaz gaztetxea irekitzeko dirua biltzeko egin zuten bazkaria, eta txosna ere ipini zuten.