Jendetza elkartu zen atzo Urola Kostako zenbait herritan Espainiako Auzitegi Gorenak Bildu koalizioaren zerrenda guztiak baliogabetu izana salatzeko. Eskubide guztien alde, ilegalizaziorik ez! lemapean, 250 zarauztar inguru eta alderdi politiko askotako ordezkariak elkartu ziren Lege Zaharren Enparantzan; besteak beste, EA, EAJ, Aralar, Ezker Batua edota Hamaikabat alderdietakoak .
Zarauzko Bilduko kideek Gorenaren erabakiak «herritar orori eragiten» diola adierazi zuten bilkura amaitzean: «Nahi duguna aldarrikatzeko eskubidea urratu zaigu, eta herritarrok gure herriaren alde lan egiteko borondatea zapuztu». Ildo horretatik, maiatzaren 22ko hauteskundeetan «ezer gertatu ez balitz bezala ez jokatzeko» eskatu zieten bertaratu ziren guztiei: «Indarrak bildu eta animoa ez galdu». Hala, larunbat eguerdian Lege Zaharren Enparantzan bilkura informatiboa egingo dutela jakinarazi zuten, eta herritar oro bertan parte hartzera gonbidatu zuten.
Mobilizazioak
«Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Gorenaren erabakia berresten badu, mobilizazioak antolatuko ditugu. Hauteskundeetara aurkezteko aukera baldin badugu, berriz, kanpainarekin jarraituko dugu», nabarmendu zuten zarauztarrek.
Azpeitiko Bilduko kideek, berriz, «PPren eta PSOEren estrategia politikoa besterik ez» dela adierazi zuten, eta «erabat onartezina» dela. Horrenbestez, biharko manifestazioaren ostean egon daitezkeen mobilizazioetan parte hartzeko deia egin zieten azpeitiarrei.
Era berean, bihar Bilbon egingo duten manifestazio nazionalera bertaratzeko eskatu zieten herri guztietako Bildu koalizioko kideek herritarrei. Manifestazioa 20:00etan izango da. Ildo horretatik, zenbait herritan hitzorduak zehaztu dituzte. Zarautzen, esaterako, autobusak antolatu dituzte horretarako. Eguzki taberna paretik aterako da, 19:00ak aldera. Interesa dutenek Txiki Polit eta Eguzki tabernetan eman beharko duten izena.
Zumaian eta Azpeitian 18:30ean elkartuko dira, Ayra Durexeko aparkalekuan eta herriko plazan, hurrenez hurren. Autoetan Bilbora nola joan adostuko dute bertan.
Horretaz gain, gehiengo sindikalak Bilduren aldeko elkarretaratzeak antolatu ditu Urola Kostako zenbait herritan ostiralerako. Ildo horretatik, 11:30etatik 12:00ak bitartean Azkoitian Maxi Eroski saltokiko biribilgunean elkartuko dira, Azpeitian Landetan eta udaletxe parean, Zestoan Arroako biribilgunean, Zumaian herri sarrerako zubian (gasolindegi txikiaren ondoan) eta Zarautzen, berriz, udaletxe atarian.
Getariako Bildu
Astelehenean aurkeztu zuten Getariako Bildu. Bertan elkartu ziren ehundik gora getariar eta koalizioako zerrendakideak. Nika Lertxundi, Amaia Iribar eta Aitor Irigoien dira zerrendaburuak. «Gure zerrendako batzuk aurrez udalean eta politikan lan esanguratsua egin dute. Gehiengoa, ordea, herri mugimendutik dator, herritik», nabarmendu zuten. Ildo horretatik, helburua «getariarrak eta euskaldunak izanik, etorkizunari begira Getaria eta Euskal Herri hobe bat eraikitzea» dela diote.
«Apustu estrategikoa» da Bildurena, «hauteskundeetatik haratago»: «Bide luze baten hastapen pausoa da».