Zestoako KZguneak metaposta zerbitzua ezagutzeko aukera emango du egunotan. Atzotik ostiralera bitartean, 16:00etatik 20:00etara, eta datorren astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 13:00etara, zerbitzu hori tramitatzeko informazioa eskainiko die herritarrei KZguneak.
Paperean etxeko postontzian jaso ohi diren dokumentuak (fakturak, nominak, banku frogagiriak, aseguru polizak eta abar) ordenagailuan jasotzeko aukera ematen du metaposta zerbitzuak. Dokumentuak modu ordenatuan eta seguruan gordeta gelditzen dira (Eusko Jaurlaritzako ordenagailuetan babestuta egongo dira) eta dokumentuen jabeak nahi duenean eta nahi duen lekutik kontsultatu ahal izango ditu bere dokumentuak ordenagailu baten bitartez. Segurtasuna erabatekoa da, gainera, kontsulta horiek egin ahal izateko pasahitza eta beste hainbat agiri eskatuko baita.